Joan den otsailaren 1ean abian jarri zenetik, San Martingo Etengabeko Arretako Guneak (EAG) 6.000 larrialdi mediko eta 4.500 erizaintza-larrialdi inguru artatu ditu, hau da, batez beste, ia 200 paziente egunean asteburuetan eta jaiegunetan. Jarduera-bolumen horrek berresten du funtsezko osasun-baliabide gisa finkatu dela Gasteizko premiazko arretako sarean.
EAGren jarduerak sei hilabete hauetan AUO Txagorritxuko Larrialdiak arintzen lagundu du, aldi berean 2.300 arreta gutxiago erregistratu baititu. Jaitsiera hori indartu egin da AUO Santiagoko larrialdien jarduera-hazkundearen ondorioz; martxoaren 31n indartu zenetik, % 47,52 igo da artatutako pazienteen kopurua.
Balantze orokorra oso positiboa da, eta San Martingo EAGren eta AUO Santiagoko larrialdien funtzionamendu ona islatzen du. Hala erakusten dute Arabako ESIak San Martingo EAGn artatutako pertsonen artean egindako gogobetetze-inkestek; 10etik 8,81 puntuko batez besteko balorazioa lortu dute, eta horrek agerian uzten du herritarren onarpen handia. Gainera, bi dispositibo horien etengabeko jarraipena egiten da, premiazko arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten hobekuntza-aukerak identifikatzeko.
Jarduera horiek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-sistema publikoa indartzeko, larrialdiei erantzuteko gaitasuna hobetzeko eta Gasteizen osasun-arreta hurbil, irisgarri eta kalitatezkoa bermatzeko hartutako konpromisoaren parte dira.
Kokapena eta ordutegia
San Martingo EAGk (Teodoro Dublang margolaria, 23) hil ala bizikoak ez diren larrialdiak dituzten pazienteei arreta ematen die larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00etatik 24:00etara.
Zerbitzu-eskaintza
Zentroak sintoma arinak artatzen ditu, hala nola katarroak, sukarra, arnasteko zailtasuna, mina, beherakoa, goragalea, gernu-sintomak, zauriak, erredurak, hozkadak, ziztadak, sudurreko odoljarioak, traumatismoak, zorabioak, bertigoak eta erreakzio alergikoak.
Zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: injektagarriak eta atzeratu ezin diren txertoak ematea (antitetanika, adibidez), premiazko kontrazepzioa, gailuak jartzea eta kentzea (zundak, bendajeak), eta gorputz arrotzak ateratzea (larruazala, belarriak, begiak, etab.).
Egiten diren oinarrizko proba diagnostikoen artean, honako hauek sartzen dira: elektrokardiogramak (ECG) bihotzeko arazoen hasierako ebaluaziorako, glukosa kapilarraren neurketa, infekzioak, haurdunaldikoak eta abar detektatzeko test azkarrak, eta bizi-konstanteen monitorizazioa (bihotz-maiztasuna, tentsio arteriala eta oxigeno-saturazioa).
Langileek sendagaiak errezetatu eta premiazko kontsultak ebatzi ditzakete sendagaiak uztartzeari buruzko gaietan. Pediatriako arreta ere eskaintzen du patologia akutuak ebaluatzeko 6 urtetik gorako pazienteei, erreferentziazko pediatrarekin osasun-zentroan hitzordua izan arte itxaron ezin dutenei. Behar izanez gero, ospitaleko larrialdi-zerbitzura edo dagokion espezialitatera bideratuko da pazientea.