Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek ikerketak euskal herritarren osasunean eta osasun-sistema publikoaren hobekuntzan duen eragina azpimarratu du. "Ikerketak ez du zentzurik gure inguruan aplikatzen ez badugu", azpimarratu du. Horretarako, sailburuaren hitzetan, ezinbestekoa da pertsonen, pazienteen, lankidetza eta inplikazioa, eta eskerrak eman dizkie ahulezia-uneetan erakutsi duten ausardia eta eskuzabaltasunagatik. Euskal osasun-arloko ikerketa-sistemak bultzatutako proiektuek 12.000 pazienteren parte-hartze zuzena dute; horiez gain, 1.100 pertsonak hartzen dute parte Euskaditik eta Euskadin bultzatutako saiakuntza kliniko espezifikoetan.

Horren berri eman du gaur Bilbon emandako prentsaurreko batean, 2024an osasun-esparruan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren emaitzak aztertzeko eta etorkizuneko ikerketa planifikatzeko Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko (BIOEF) arduradunekin eta Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak Ikerkuntza Sanitarioko Institutuetako zuzendaritzekin bilera egin ondoren.

Gaur egun, Euskadiko Osasuneko I+G+B sistemak 2.905 pertsona ditu lanean, eta horietatik % 67 emakumeak dira. Gehienak jarduera duala egiten duten Osakidetzako profesionalak dira: laguntza eta ikerketa. Osasuneko sailburuak eskerrak eman dizkie osasuneko I+G+Bren esparruan lan egiten duten pertsona guztiei, “egiten duten lan horrek guztiak ahalbidetzen duelako lortutako aurrerapenak praktika klinikora eramatea, hau da, pazienteen osasunerako eta ongizaterako onurak ekartzea”.

Gaur egun, I+G+Bko 870 proiektu daude abian, horietatik 50 europarrak. Proiektu horien helburua da urratsak ematea hainbat gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan, baita pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan ere; horrez gain, 77 produktu garatu eta babestu nahi dira 2024an, 35 patente propio aktibo izanik.

Gainera, 2024an 1.700 artikulu zientifiko argitaratu ziren, hau da, Euskadiko ekoizpen zientifiko osoaren % 22. Horien kalitateari dagokionez, % 59,3 Quartil 1 multzoan daude (kalitate handia), kalitate-mailarik altuenean. Ildo horretan, Martinez sailburuak nabarmendu duenez, "bolumen-kantitate handia sortzeaz gain, sortutakoak kalitate handia du". Izan ere, 2025ean 242 artikulu argitaratu dira, eta horien % 66 eman daitekeen mailarik handienean katalogatu dituzte.