Osakidetzak 1.832 paziente gutxiago ditu kirurgiako itxaron zerrenda, legealdiaren hasierarekin alderatuta, eta horrela, itxaronaldia 52,6 egunekoa da orain, uztailean 67,7 egunekoa zen bitartean, hau da, bost hilabetean 15 egun gutxiago.

Hala ondorioztatzen da azaroaren 30ean eguneratu den eta ostiral honetan ezagutarazi den Osakidetzaren itxaron zerrendei buruzko azken txostenetik.

Osakidetzaren arabera, herritarrek gehien eskatzen dituzten prozesuetako itxaronaldia murriztu da. Horrela, kataraten ebakuntzarako batez besteko itxaronaldia 38,78 egunekoa da orain, aldakako protesi baterako 57 egunekoa eta belauneko protesi baterako 63 egunekoa.

Datu horiek guztiak Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Espezializatuko zuzendariordeak eman zituen ostegunean, Alberto Martinez Osasun sailburuarekin eta Osakidetzako zuzendaritza taldearekin batera egindako informazio topaketa batean. Osakidetzako arreta espezializatuko itxaron zerrendak murrizteari buruzko azken datuak jakinarazi ziren bileran, eta bereziki eskertu zen profesionalek egindako ahalegina.

Modu honetan, Osakidetzaren arabera, Osasun Sailak uztailean abiatutako talka planean hartutako neurriak "guztiz eraginkorrak izan dira". Arreta Espezializatuko kontsulta baterako itxaronaldia 58 egunekoa da batez beste, eta proba osagarrien itxaronaldia 40 egunetik beherakoa.

Arreta espezializatuaren arloko itxaronaldiak murriztea da Osasun Sailaren agendan jasotako lehentasunetako bat. Horretarako, Osakidetzan oso identifikazio lan espezifikoa egiten ari da itxaron zerrendak murrizteko behar diren premiei buruz. Gainera, adimen artifizialaren bidez formulak garatzen ari gara, zerrendek nola eboluzionatuko duten aurreikusteko, eta, hala, aurreratu eta baliabideak behar diren lekuetan jartzeko.

Itxaron zerrendei buruzko informazio guztia dokumentu batean jaso da, eta Osakidetzaren eta Osasun Sailaren web orrietan argitaratu da. Informazioa sei hilean behin eguneratuko da.

Horrela bete egiten da Osasun Sailak Eusko Legebiltzarrarekin hartutako konpromisoa, hau da, Osakidetzaren itxaron zerrenden datuak Osakidetzaren eta Osasun Sailaren web orrietan argitaratzeko konpromisoa.