Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila estrategia berria prestatzen ari da iktusa edo miokardioko infartu akutua bezalako denbora-mendeko gaixotasunak artatzeko. Estrategiaren xedea da gaixotasun mota hori duten pertsonei eskaintzen zaizkien erantzuna eta arreta hobetzea, betiere patologia horien inpaktua murriztea helburu duten bestelako ikuspegi zabalagoak kontuan izanik, Osasun Sailak asteartean ospatuko den Iktusaren Nazioarteko Eguna dela-eta jakinarazi duenez.

Denbora-mendeko patologietan, sintomak agertzen direnetik medikuak artatzen duen bitartean igarotako denborak modu kritikoan baldintzatzen du pazientearen pronostikoa. Patologia horien artean, infartuaz eta iktus iskemikoaz gain, trauma larria eta sepsia daude.

Bada, estrategia berriaren bidez, inplikatutako eragile guztiek bizitzarako berehalako arriskua eragiten duten gertakari akutuei erantzun ahal izan diezaieten lehentasunezko jarduerak identifikatzea eta abiatzea helburu duen esparrua ezarri nahi da.

Gaur egun, Osasun Sailak iktusa duten pazienteei arreta emateko plan bat du, eta baliabideak Iktus Kodearen Euskal Sarean antolatzen dira. Plan eta sare horien bidez ziurtatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoak artatzen duen biztanleriaren estaldura.

Iktusa bat-batean agertzen da eta garuneko funtzioen galera eragiten du alterazio baskular baten ondorioz; horrek hein bateko edo besteko desgaitasuna eragiten du, eta, horiekin batera, ondorio sozial larriak.

Osakidetzak iktusa izan duten 8.900 pertsona inguru artatu zituen 2023an (%54,5 gizonak eta %45,5 emakumeak). Pazienteen erdia baino gehiago 75 urtetik gorakoak ziren, eta 46 eta 75 urte bitartekoak ziren erregistratutako kasuen %40. Lurraldeen arabera, Araban gaixotasun hori zuten 1.101 paziente artatu ziren, Bizkaian 4.445 eta Gipuzkoan 3.373.