Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIko Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak paziente kirurgikoen mina monitorizatzeko eta kontrolatzeko proiektu bat jarri du martxan 11 ospitaleratze unitatetan. Helburua da urtean bertan erietxeratzen diren 12.000 paziente kirurgikoren prebalentzia murriztea eta erosotasuna hobetzea. Horretarako, pazienteen mina semaforo baten koloreen arabera sailkatzen duten pantailak jarri dira.
Hala jakinarazi dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, ostegunean ospatuko den Minaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira.
Osasun erakundeen arabera, mina osasun arazoa da, eta horri heltzea lehentasunezkoa da, mina arintzea pertsonaren eskubidea eta profesionalen betebeharra baita. Bada, martxoan hasitako proiektuaren helburu nagusia ebakuntza osteko minaren prebalentzia murriztea da, mina monitorizatu eta kontrolatuz, eta horrela ebakuntza kirurgiko baten osteko erosotasuna hobetuta.
Horretarako, pantailak jarri dira erizaintzako kontroletan, ospitaleratutako paziente guztien minaren intentsitate erregistroak azkarrago eta modu bisualagoan bistaratzeko. Pantaila horietan pazienteen mina sailkatzen da, ikusmen eskala analogikoaren irizpideen arabera, kolore sistema baten bidez.
Valentin Crespo erizain arduradunak azaldu duenez, "semaforo baten koloreei lotutako sistema sinple eta oso bisuala da. Mundu guztiak erraz ezagutzen eta interpretatzen duen kolore kodea. Berdea minik ez duten edo min arina duten pazienteei esleitzen zaie (EVA eskalako balioak 0-2 artean); laranja, min moderatua duten pazienteei (3-5); eta gorria, min handia duten pazienteei, 6tik 10era nazioarteko eskala honetan".