Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, ikerketa sakona hasi du, Salmonellako agerraldia eragin duten arrautza-sortak identifikatu eta merkatutik kentzeko. Bizkaian, guztira, 12 pertsonari eragin die.

Ikerketa epidemiologikoan egiaztatu da jatorria ostalaritzako hainbat lokaletan arrautzekin egindako elikagaien kontsumoarekin lotuta dagoela, eta erabili diren arrautzak hegazti-etxalde berekoak direla.

Kaltetutako arrautzak enbalaje-zentrotik banatu dira, Agotzaina SL sozietatearen izenarekin. (ES-1400380/BI) eta agerraldiarekin zerikusia dutenak Aspuru hegazti-ustiategitik datoz (ekoizle-kodea: ES480520000045).

Ontziratu gabe merkaturatzen dira, batez ere ostalaritzarako.

Kontuan izan behar da enbalaje-zentroak agerraldi horiekin zerikusirik ez duten eta kontsumitu daitezkeen beste ekoizle batzuen arrautzak merkaturatzen dituela.

Osasun Sailak honako jarduera hauek egin ditu:

1) Eraginpeko produktua ostalaritzako establezimenduetan eta baserrian merkaturatzea debekatzeko eta erretiratzea kautelazko neurriak hartzea.

2) Eragindako lote guztietako arrautzen laginak hartzea.

3) Baserria hornitzen duen banaketa-zentroan produktua erretiratzeko eta berreskuratzeko trazabilitatearen jarraipena egitea.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Animalien Osasuneko Zuzendaritza dagokion ikerketa eta lagin-bilketa egiten ari da aipatutako baserrian.

Gomendioak:

Emaitza analitikoen zain eta zuhurtasun-printzipioa aplikatuta, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak gomendatzen du ez kontsumitzea goian deskribatutako jatorria duten arrautzak eta arrautzekin egindako elikagaiak.

Beraz, enbalaje-zentroaren eta ekoizle-kodearen erreferentzia hori duten arrautzak izan ditzaketen establezimenduei eskatu behar zaie merkaturatzea geldiarazteko eta ez kontsumitzeko.

Era berean, Osasun Sailak herritarrei gogorarazi nahi die udan kontu handiz ibili behar dela tenperatura altuek eragindako elikadura-toxiinfekzioak saihesteko, bereziki salmonella bakterioak eragiten duena, batez ere arrautza elikagaiak egiteko erabiltzearekin lotuta, hala nola tratamendu termiko nahikoa ez duen tortilla eta maionesa.