Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute atsedena eta kalitatezko loa oso garrantzitsuak direla osasunerako eta ongizaterako; izan ere, Euskadiko biztanleen % 46k loaren nahasmenduren bat du. Emakumeen kasuan, nahasmendu ohikoena insomnioa da, eta gizonen kasuan, loa oztopatzen duen apnea.

Gure bizitzaren herena, gutxi gorabehera, lotan ematen dugu. Hau da, 80 urte inguru bizi bagara, 27 urte lo egiten ematen ditugu. Horregatik, funtsezkoa da behar bezala lo egitea eta loa indarberritzailea izatea, oreka fisikoa eta psikologikoa berrezartzeko.

Loa eta atsedena zaintzea osasunerako

Osakidetzak, Osasun Eskola atariaren bidez, osasuna zaintzeari buruzko askotariko informazioa eta prestakuntza eskaintzen die herritarrei, eta, besteak beste, berriki gehitu diren loari eta atsedenari buruzko jarraibideak nabarmentzen ditu.

Andrea de Sayas Gallo erizainak, osasun mentalean adituak, gogorarazi du funtsezkoa dela gizarte osoa kontzientziatzea loa eta atsedena zaintzearen garrantziaz, osasun mentala, fisikoa eta emozionala indartzen eta lantzen laguntzen baitu, edozein gaixotasun edo ondoez mental edo fisikoaren prebentzioa sustatuz.

Izan ere, atsedenari dagokionez, ohitura osasungarriak izateak lagundu egiten du osasun-arazoak izateko arriskua murrizten, esaterako diabetesa eta bihotzeko gaixotasunak; estresa gutxitzen du eta aldartea hobetzen; argiago pentsatzen eta lanean hobeto aritzen laguntzen du, erabakiak hobeto hartzen laguntzen du; sexu-hormonak edo hazkuntza askatzen ditu, bereziki garrantzitsuak haurtzaroan eta nerabezaroan, eta pisu osasungarriari eusten laguntzen du.

Lo-arazoak

Hala ere, loaren nahasmendu desberdinak daude, eta batzuk arrisku-faktore garrantzitsuak dira gaixotasun fisikoak garatzeko, adibidez alterazio baskularrak, eta arazo psikologikoak, esaterako gogo-aldaketak eta antsietate-nahasmenduak.

Insomnioa da loaren nahasmendu ezagunena. Galera bat dakar loaren kalitatean edo kantitatean; gutxienez astean 3 aldiz gertatzen da eta beti dago lotuta egunean zehar izandako sintoma edo ondorio bati, logura, nekea, suminkortasuna, umore-aldaketak edo arreta-galera, besteak beste. Kalkuluen arabera, helduen % 10etik % 15era bitartean insomnio kronikoa dute (3 hilabete baino gehiago irauten du) eta % 25etik % 35era bitartean insomnio iragankorra edo noizbehinkakoa izan dute egoera estresagarriek eraginda. Gainera, gogoratu behar da loaren nahasmendu hori ohikoagoa dela emakumeen artean.

Loaren apnea buxatzailea, gizonen artean nahasmendu ohikoena, goiko arnasbidea loaldian ixten den gaixotasuna da, airea eztarritik igaro eta birikara iristea eragotziz. Pertsona horiek loaldian zurrungak, gutxienez hamar segundoko arnasketa-etenaldiak (apneak) eta esna daudela gehiegizko logura izaten dute. Nahasmendu hori izateko arriskua handitu egiten da adinarekin, eta 50 eta 70 urte bitartean iristen da baliorik handienera.