Síguenos en redes sociales:

EAEko errezeta elektronikoa Grezian ere erabil daiteke jada

EAEko errezeta elektronikoa Grezian ere erabil daiteke jadaUtzitakoa

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi den edonork errezeta elektronikoa erabil dezake jada Grezian -edo alderantziz-, sendagaiak farmazietan hartzeko, Europako Batzordeak baimena eman ondoren. Horrela, lehendik errezeta elektronikoa erabilgarri zuten europar herrialdeei gehitu zaie Grezia, hau da, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia, Estonia, Txekiar Errepublika eta Letoniari.

Hala, Osakidetzak eta Osasun Sailak nabarmendu dutenez, "Euskadik erreferente izaten jarraitzen du errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunak Europar Batasunean duen hedapenean". Aurreikusi da e-rezeta 2025ean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara zabaltzea.

Errezeta elektronikoa Grezian erabilgarri izatea "Europako erakundeek eta Euskadik programa horretan elkarlanean egindako lanaren beste erakusgarri bat da". "Berrikuntza teknologikoaz gain, programa horrek Europar Batasun osoan farmazia prestazioa eta herritarrentzako osasun asistentzia hobetzeko balio du eta behar-beharrezkoa da", ziurtatu dute.

Bestalde, EAEn 2018ko urtarrilean ezarritako errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunari esker, Espainiako Estatuko edozein farmaziatan eskura daitezke sendagaiak, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztuz.

Abiatu zenetik, EAEko 528.214 herritarrek sendagaiak hartu dituzte beste autonomia erkidego batzuetako farmazietan. Guztira, 9.135.549 sendagai emate izan dira: Gaztela eta Leonen erabili da gehien (2.898.443), eta ondoren Kantabrian (1.705.927), Valentziako Erkidegoan (833.211), Errioxan (711.873) eta Galizian (688.077).

Era berean, EAEko farmaziek beste erkidego batzuetako 166.548 paziente artatu dituzte, guztira 1.208.813 sendagai ematerekin: 233.630 Araban, 550.644 Bizkaian eta 382.168 Gipuzkoan. Sendagai emate gehienak Gaztela eta Leondik (229.991), Madrildik (188.847) eta Kantabriatik (128.960) etorritako pertsonenak izan dira.

"Beraz, e-rezetak segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei, eta, hori dela eta, ia guztiz zokoratu du paperezko errezeta, 2023an fakturatutako errezeten %99,5 elektronikoak izan baitziren", azaldu dute.