Osakidetzak etxez etxeko arretarako maleta digitala jarri du abian, herritarren etxeetan bertan ematen den Lehen Mailako Arreta hobetzeko helburuarekin. 'Maletik' deitzen den tresnari esker, pazienteen etxeetan egiten diren kontsulten maneiua eta erabakimena hobetuko dira, kontsulta horietan egiten diren ohiko proba guztiak digitalizatzen baitira, hala nola elektrokardiograma bat egiten denean, tentsioa hartzen denean edo fonendo bidezko auskultazioa egiten denean.
Osasun zerbitzu publikotik jakinarazi dutenez, teknologia aitzindaria da Espainiako Estatuan, eta etxez etxeko arreta ematen dute mediku eta erizain taldeei hornitzen hasi zaie, haien lana errazteko eta kalitate handiagoko asistentzia emateko.
Maleta digitalari esker, pazienteen etxeetan egiten diren proba guztiak zuzenean erregistrau daitezke historia klinikoan, eta ez da beharrezkoa ondoren emaitzak sartzea, osasun zentroetako profesionalekin kontsulta bat egin baitaiteke unean bertan, edo, behar izanez gero, espezialistarengana deribatu ahal baita. Gainera, prozesuak segurtasuna handitzen du, konstanteak berriz idatzi behar izatea eta akatsak egitea saihesten baititu.
'Maletik' sistemak elektrokardiograma, espirometroa, dermatoskopioa, otoskopioa, tentsiometroa, pulsioximetroa, fonendoa, termometroa, tableta eta kanpoko bateria bat ditu. Tresna horiei esker, konstanteen erregistroak, irudiak eta auskultazioen audioak hartu eta pazientearen historian kargatu ahal dira. Osakidetzak mota horretako 170 unitate eskuratu ditu guztira, eta Lehen Mailako Arretako profesionalek diseinatu dituzte, sektoreko enpresa teknologikoekin lankidetzan.
Eusko Jaurlaritzako jarduneko Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duenez, "tresna honek oso harrera positiboa izan du profesionalen eta pazienteen aldetik, eta Osakidetzak sendoa, kalitatezkoa, gertukoa eta berritzailea den Lehen Mailako Arreta baten alde egiten duen apustuaren adierazgarri da".