Síguenos en redes sociales:

Bero Plana aktibatu da tenperatura handiek herritarrengan dituzten ondorioak prebenitzeko

Aurten berrikusitako parametroekin eguneratuta, arreta berezia jartzen da arrisku-populazioan: 4 urtetik beherakoak, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta aire zabalean jarduera fisikoa egiten dutenak

Bero Plana aktibatu da tenperatura handiek herritarrengan dituzten ondorioak prebenitzekoUtzitakoa

Osasun Sailak, Osasun Publikoko Zuzendaritzaren bitartez, 2024ko Bero Plana aurkeztu du. Irailaren 30era arte garatuko da, eta helburua da gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen inpaktua prebenitzea eta murriztea urteko hilabete beroenetan, bereziki egoera ahulenean dauden kolektiboei dagokienez.

Aurreko urteetan bezala, Segurtasun Sailak aktiboki parte hartzen du planean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, eta beroak osasunean dituen ondorioei buruzko informazioa eta horiek prebenitzeko gomendioak jasotzen ditu, bai herritarrentzat, bai inplikatutako beste erakunde batzuentzat. Horretarako, funtsezko hiru elementutan oinarritzen da: tenperaturen iragarpena eta ebaluazioa; tenperatura altuek osasunean dituzten ondorioen zaintza epidemiologikoa; eta abisuak eta prebentzio-neurriak jakinarazteko sistema bat bero handieneko aldietan.

2024ko Bero Planean jasotako herritarrentzako gomendioek azpimarratzen dute oso garrantzitsua dela arreta handiz jokatzea tenperatura altuetan, lau urtetik beherakoekin, adinekoekin, haurdun dauden emakumeekin eta gaixotasun kronikoak dituztenekin. Era berean, gomendatzen da bakarrik bizi diren adinekoekin maiz harremanetan jartzea, eta inor ez uztea aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, batez ere egunaren erdiko orduetan.

Era berean, eta tenperatura altuen kasuan ere, Osasun Sailak azpimarratu du komeni dela intentsitate handiko jarduera fisiko ez egitea, eta ahalegin fisiko handiena, bai lanekoak, bai aisialdikoak, bero gutxien egiten duen orduetan egitea.

Gomendio desberdinak

Halaber, gomendatzen da ur eta likido fresko gehiago edatea, egarri ez izan arren; egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea; arropa egokiekin, betaurrekoekin eta babes-faktorea duten kremekin babestea; eta arropa argi, zabal eta arinarekin janztea. Eta etxean, dutxa edo bainu hotzak hartzea gomendatzen da; freskatzen duenean leihoak zabaltzea, eta leihoak eta pertsianak egunez ixtea; haizagailuak erabiltzea; eta bero gehien egiten duen orduetan etxetresna elektrikorik ez konektatzea.

Bero Plana erakundeekin elkarlanean ezarri da, besteak beste, OSALANekin, Beti On Telelaguntza Zerbitzu Publikoarekin eta tokiko erakundeekin, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalekin, eta hainbat eremu eta erakunderentzako gomendio jasotzen ditu, besteak beste:

Toki-administrazioak

Adinekoentzako egoitza-zentroak

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, telelaguntza-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak

Lan-eremua (Osalan)

Kirol-probak antolatzea

Tenperaturen zaintza eta iragarpena Euskalmetek zehaztutako lau eremu klimatikotan egiten da Euskadin, eta, aurten, populazioen osasunean ondorioak agertzearekin lotutako tenperatura-atalaseak eguneratu dira. Tenperaturen intentsitatearen eta iraunkortasunaren arabera, hiru arrisku-maila zehazten dira: horia (abisu-egoera), laranja (alerta) eta gorria (alarma). Horietako bakoitzean abisuak ematen dira, eta prebentzio-neurriak gomendatzen dira herritar guztientzat eta talde kalteberentzat. Plana aktibatzen den bitartean, beroari egotzitako hilkortasunaren jarraipen espezifikoa ere egingo da.