Abiadura Handia Bilbora iristeko Protokolo Instituzionalaren Jarraipen Batzordeak gehigarri bat onetsi du, eta, gehigarri horren bidez, behin-behineko irtenbide bat bultzatuko da abiadura handia lurrazaletik sartzeko hiri barrura. Horrek ekarriko du Bilboko Abandoko geltoki berria zerbitzuan jartzeko aurreikusitako epeak aurreratzea. Proposatutako irtenbidearekin, abiadura handiko trena Bilboko erdigunera iritsiko da, eta irtenbide hori erabat bateragarria da etorkizunean behin betiko geltokia lurpean egitearekin.
Gaur Bilbon egindako bilerara honako hauek bertaratu dira: Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu Idazkaria, José Antonio Santano; Adif eta Adif AVko presidentea, Luis Pedro Marco de la Peña; Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburua, Susana García Chueca; eta Bilboko alkatea, Juan María Aburto Rique.
Jarraipen Batzordean ordezkatuta dauden instituzio guztiek adierazi dute teknikoki aukera hori dela bideragarriena eta egokiena abiadura handia Bilbora lehenago iristeko. Beste alde batetik, azpimarratu dute erabat bateragarria dela hirian lurpeko eta behin betiko geltoki bat eraikitzeko helburuarekin. Helburu hori berariaz jasota dago astelehen honetan onetsitako protokoloaren gehigarrian.
Zehazki, gehigarri horretan ezarritakoaren arabera, Bilboko mantentze-base berria Basauriko Lapatza trenbide-jabari publikora lekualdatu eta bertan eraiki ondoren, gutxi gorabehera 40.000 metro koadroko azalera libre geratuko da Abandoko geltokiaren eremuan. Espazio horri esker, abiadura handiko zerbitzuak Bilboko Abandoko geltokira iristeko epea aurreratu ahal izango da.
Era berean, testuak jasotzen du behin-behineko geltokia zerbitzuan jartzea bateragarria izango dela dagoeneko lizitatuta dauden lan teknikoen exekuzioarekin. Horrela bermatuko da abiadura handiko trenek etorkizunean lurpeko tunel baten bidez sartzea Bilboko Abandoko geltokira.
Administrazio bakoitzaren eskumenen esparruan, eta guztien arteko koordinazio operatiboa indartzeko asmoz, lantalde tekniko bi sortzea aurreikusten da. Bata Bilboko Abandoko geltoki berriaren garapena lantzeko izango da, eta bestea Basauriko eremuan egingo diren jarduketak aztertzeko, mantentze-basea, gaur egun Bilbon dagoena, bertan kokatuko baita.
Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak formalki eskatu du protokoloan eta hari dagokion Jarraipen Batzordean parte hartzea, instituzioen arteko lankidetza indartzen jarraitzeko.