Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, musika-irakaskuntzako ikastetxeen kostuak finantzatzen laguntzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duten Aginduak onartu ditu. Bi lerro ezberdin dira: bata udal titularitatepeko zentroetarako eta bestea zentro pribatuetarako. Bi deialdiek, orotara, 16,4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango dute.

Udal titularitatepeko zentroek 13.800.000 euroko laguntza-lerroa dute, 2024-2025 ikasturteko langile-, ekipamendu- eta funtzionamendu-kostuak finantzatzeko.

Zentro pribatuei dagokienez, 2.423.810 euro % 25eko edo gehiagoko udal finantziazioa duten Musika Eskola Pribatuetarako dira, eta 385.000 euro % 25etik beherako udal finantziazioa duten Musika Eskola Pribatuetarako eta Titulartasun pribatuko Musikako Zentro Baimendu Profesionaletarako.

 

Musika-eskolen funtsezko papera

Laguntza-lerro hauen helburua da musika-eskolak eusten laguntzea. 2025-2026 ikasturteko langileen, ekipamenduaren eta funtzionamenduaren kostuak ordaintzeko dira.

Musika-eskolek funtsezko zeregina dute adin guztietako pertsonek musika beren bizitzako jarduera garrantzitsu bihur dezaten, prestakuntzari, zaletasunari eta norberaren errealizazioari dagokienez. Gaur egun, 85 musika-eskola daude Euskadin, publikoak zein pribatuak, eta 32.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute horietan.

Eusko Jaurlaritza

Bestalde, sail horrekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia. 166.000 euroko aurrekontua duen laguntza-lerro horren bidez, Lanbide Heziketako zikloetako azken mailako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatuko duten proiektuak garatzen lagundu nahi da ikasturte honetan.

Horrela, Euskadiko LHk sakondu egiten du ikasleen etengabeko prestakuntzan, prestakuntza malguan eta irisgarrian, eta enpresak eratzeko proaktibitatea bultzatzeko aukerak sortzen ditu.

Laguntza-deialdiak ahalegin berezia egiten du enpresa-proiektuen garapena sustatzeko eta digitalizazioa, jasangarritasuna, berrikuntza, gizarte-konpromisoa eta pertsonengan oinarritutako antolaketa-egiturak integratzen dituzten enpresak sortzeko, euskal produkzio-sarea leheneratzen, modernizatzen eta zabaltzen joan dadin. Horrela, Lanbide Heziketari laguntzen dio, Euskadi berritzailearen eragilea baita, eta eraldaketa teknologikoaren eta ingurune sozial eta produktiboaren beharretara egokitzearen adibide.