Uztailaren 8tik aurrera, euskal enpresek eta kooperatibek 2025eko laguntzak eskatu ahal izango dituzte kontziliazio-planak sortzeko eta edukitzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskaliten bidez enpresen konpromiso hori ziurtatzeko prozesu bat hasi du. "Euskadi da gurasotasun-baimen gehien ematen dituen autonomia-erkidegoa, eta orain enpresekin eta kooperatibekin lan gehiago egin behar dugu" adierazi du Melgosa sailburuak.

Gizarte zerbitzuak

Nerea Melgosa sailburuak adierazi du garrantzitsua dela aurtengo EKD indizeak Euskadiri egin dion aitortza azpimarratzea. Indize horren arabera EAE gizarte-zerbitzuen sistema publikoan lidergoari eusten dion autonomia-erkidegoa da. Nabarmentzekoa da biztanle bakoitzeko gizarte-zerbitzuetan gehien inbertitzen duen erkidegoa dela: 1.203 euro 2023an, Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago (548,1 €).

"Eskerrak eman nahi dizkiet, hori horrela izan dadin, zergak ordaintzen ditugun pertsona guztioi. Gizarte-politiketan inbertitzea positiboa da, prebentzio eta detekzio-politika bat egiten ari garelako, ez dira laguntzak soilik. Gizarte-politikez ari garenean, Beti On telelaguntza-zerbitzuaz ari gara, adinekoentzako zentroek izan ditzaketen gizarte-ekintzako programez..." adierazi du Nerea Melgosak.

Sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela fitxa sozialaren ikuspegitik gizarte-zerbitzuen sistema bakar baterantz jotzeko aukera aztertzea. "Osakidetzan datu guztiak Nire Karpetan daude, eta guk gizarte zerbitzuen alorrean gauza bera egin nahi dugu. Euskadin badakigu gai honetan hiru eskumen daudela: Foru Aldundiena, udalena eta Eusko Jaurlaritzarena. Hiru sistema informatiko desberdin daude, eta sistema informatiko bakarra izan nahi dugu, egungo eskumenak mantenduz" zehaztu du Ongizate sailburuak.