Eusko Jaurlaritzak 8.828.000 euro bideratuko ditu aurten film luze eta laburren eta serieen ekoizpenerako diru laguntzetara, aurreko ekitaldian baino 1,5 milioi euro gehiago, gobernu kontseiluak astearte honetan onartutako deialdiaren arabera.
Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasotako Euskadiko talentu sortzailearekiko gobernuaren konpromisoaren ondorio da laguntzen zuzkiduraren hazkundea, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.
Hala, film luzeak eta laburrak sustatzeko laguntzen bi modalitateak handitu egin dira aurten ere, eta iazko ildo berari eutsi zaio eta "nazioarteko bokazio argia eta berritzailea" duten euskarazko serieen sorkuntza sustatzeko modalitate berria mantendu da deialdian.
Film luzeen produkziorako laguntzetan 5.400.000 euro banatuko dira
Bada, film luzeen produkziorako laguntzetan 5.400.000 euro banatuko dira. Zehazkiago, 3.200.000 euro erabiliko dira 70 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza ustiapenerako diren fikziozko ikus-entzunezko obrak diruz laguntzeko.
EUSKARAZ
Era berean, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu banaketa bermatuko da, eta gutxienez 1.700.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta laguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
Zinemarako animaziozko film luzeetarako 1.500.000 euro daude (70 minutu edo gehiago dituzten eta merkataritza ustiapenerako diren animaziozko ikus-entzunezko obrak). Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu banaketa bermatuko da, eta gutxienez 800.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta diru laguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.
Orobat, guztira 700.000 euro bideratuko dira edozein hizkuntzatan dauden sortze dokumental luzeei laguntzeko. Gaia errealitatetik hartua izan behar da, eta originala, gai jakin bati buruzko ikerketa edo analisiak egiten dituena, gutxienez ordubetekoa, komertziala, eta zinemarako edota telebistarako egina.
Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu banaketa bermatuko da, eta gutxienez 350.000 euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatu eta diru laguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.