Juan Antonio Barrenechea arkitekto, marrazkilari eta margolariaren 'Kolore' erakusketa ikusgai dago EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoan, Donostian.
Egilearen beraren hitzetan, "informalismoa, margolaritza automatikoa, keinu piktoriko bizkorra eta arrazoimenaren esku hartzeari inolako kontzesiorik ez egitea" dira bere obraren ezaugarriak.
"Mihisean kaligrafia basatia uzten du, aberastasun eta aniztasun handikoa, eta horrek liluratuta mantentzen gaitu bere edertasunarekin, ezin baikara ezikusiarena egin aurrean agertzen zaizkigun keinu bereizi guztien aurrean, denak ezberdinak, eta kolorezko unibertso infinitu argitsu horretan ustekabean azaltzen zaizkigunak, barruko zurrunbilo intimoen isla izanik, akaso transzearen egoeran edo kontzientziarik gabeko emozio bizien oldarretan sortuak", azaldu du.
'Kolore' erakusketa maiatzaren maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik Donostiako Carlos Santamaria zentroko Txillardegi aretoa, astelehenetik ostiralera 08:30etik 20:30era arte. Sarrera librea da.
Bestalde, Santurtziko Udalak (Bizkaia) Euskararen Astea antolatu du aurten ere eguneroko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Maiatzaren 9tik 15era izango da, eta "denontzako egitaraua zabala" prestatu da herriko zenbait elkarterekin elkarlanean.
Horrela, ekimenaren sustatzaileek aurkezpen agerraldian astelehen honetan azaldu dutenez, hitzaldiak, tailerrak, bisita gidatuak, musika emanaldiak eta beste zenbait kultur jarduera izango dira, besteak beste.
Karmele Tubilla Santurtziko alkateak parte hartzera animatu ditu herritarrak: "Santurtziar guztiak animatu nahi ditugu antolatu ditugun jarduetara hurbiltzera eta ondo pasatzera, baina, batez ere, urteko 365 egunetan zehar euskaraz bizitzera".
Horrez gain, astearen beraren garrantzia nabarmendu nahi izan du, "gure nortasuna indartzeko eta gure hizkuntzak duen kultur aberastasunaren balioa aitortzeko".
Era berean, aurten egingo jarduera berezi bat nabarmendu du Santurtziko alkateak: "Maiatzaren 15ean, Euskararen Astearen azken egunean, ekitaldi kolektibo bat ospatuko da, non parte hartzaile guztiok 'ahobizi' edo 'belarriprest' txapa jarriko dugun, elkarrekin Euskaraldiari hasiera emateko".