Eusko Jaurlaritzak eta Fair Saturday Fundazioak gaur aurkeztu dute Donostian Mezenak Barreras Invisibles programa. Mezenasgoa bultzatzen duen proiektu honen helburua da bazterketa-arriskuan dauden neska-mutilek euren talentu artistikoa garatu ahal izatea. Azken batean, adingabe horiek artearen eta kulturaren bidez gizarteratzea da programaren xedea.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Fair Saturday Fundazioaren fundatzaileetako bat eta Mezenak Barreras Invisibles programaren arduraduna den Saioa Eibarrek gaur Gipuzkoako hiriburuko Koldo Mitxelena Kulturunean azaldu dutenez, une hauetan zabalik dago mezenas familiak erakartzeko epea. Helburua da desabantaila-egoeran dauden familietako 100 neska-mutilek egin ahal izatea euren talentua garatzeko arte-ikasketak. Horretarako, mezenasgo zibileko eredu baten aldeko apustua egiten da, eta horrek esan nahi du mezenas gisa jardungo duten eta proiektuarekin konpromisoa hartuko duten 100 familia bilatuko direla.
“Programa honek parte hartzen duten adingabeen autoestimua hobetzen du eta euren garapenean laguntzen du, arte-diziplinek tresna kognitiboak, sozialak eta emozionalak ematen baitizkiete. Gainera, era honetako ikasketak egiten direnean, adingabeak ingurune ezberdinekin harremanetan jartzen dira, euren “harreman-ratioa zabalduz”, azaldu du Melgosak, eta azpimarratu du “kultura eta artea gizarteratzea ahalbidetzeko tresnak” izan daitezkeela.
Mezenak Barreras Invisibles programak hiru arlo lantzen ditu
Bekak: Prestigio handiko ikasketa-zentroetan kultura-bekak eskaintzen ditu, ikasleei beste haur, nerabe eta familia batzuekin eta, oro har, proiektuan parte hartuko ez balute ageriko loturarik izango ez luketen pertsonekin harremanetan jartzeko aukera emanez.
Lagun egitea: Mezenas familia bakoitzak harreman estua du bekadunaren familiarekin, eta, beraz, konfiantzazko eta elkar ezagutzeko harreman bat sortzen da. Parte hartzen duten familiak hainbat kultura-ekitalditara joaten dira urtean zehar, eta, gainera, haurren eta nerabeen familiekin etengabeko komunikazioa dago ikasturtean zehar izan duten bilakaeraren berri izan dezaten.
Autonomia sortzea: Kultur ekitaldietara norberaren eskubidez sarbidea izateak komunitateko kide izatearen sentimendua areagotzen die programan parte hartzen duten haurren eta egoera ahulean dauden familiei.