Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak aste honetan onartu du 2024-2025eko ikasturtean Lanbide Heziketako zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak egiteko diru laguntzak jasotzeko deialdia egiten duen agindua, 100.000 euroko zuzkidurarekin.

Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, deialdiaren bidez, Lanbide Heziketako zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntzako ikastaroak emateko diru laguntzak eskaintzen dira. Ikastaroak ikastetxean bertan eta eskola orduetatik kanpo eman daitezke, eta gutxienez 60 ordukoak eta gehienez 100 ordukoak izan beharko dra. Gainera, ikastetxe bertako irakasleek eman beharko dituzte.

Deialdiaren bidez diruz lagun daitekeen talde bat eratzeko, gutxienez sei ikasle beharko dira, eta gehienez 20, hizkuntza bakoitzeko (modalitate presentzialean). Ikastaroak antolatzen dituzten itunpeko ikastetxeetan matrikulatutako erdi eta goi mailetako zikloetako ikasleek parte hartu ahal izango dute.

Jaurlaritzatik nabarmendu dute hizkuntzen ezagutza "funtsezkoa" dela ikasleen enplegagarritasun eta mugikortasun mailak hobetzeko

Jaurlaritzatik nabarmendu dute hizkuntzen ezagutza "funtsezkoa" dela ikasleen enplegagarritasun eta mugikortasun mailak hobetzeko, nazioarteko merkatuetan jarduteko gai diren gero eta profesional gehiago eskatzen baitituzte enpresek.

Dokumentazioa elektronikoki aurkeztu beharko da web orrian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzatik ondorioztatu dutenez.