Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak zoriondu egin ditu ONCE Euskadi osatzen dutenak, “pertsona guztiei euren eskubideak baldintza berdinetan gauzatzeko aukera ematen dien gizarte inklusiboari egindako ekarpenagatik”. Sailburuak Donostiako Kursaalen egin den ONCE Euskadiren Eguneko galan esku hartu du.
“Gaur euskal herritarren zati handi baten parte-hartze altruista, antolatu eta solidarioak betetzen duen ezinbesteko rol soziala sustatu eta balioetsi nahi dugu. Horren guztiaren ondorioz, lankidetza-harreman oso estua eta luzea dago Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta ONCE Euskadiren artean”, azpimarratu du sailburuak.
Melgosaren arabera, “hirugarren sektoreko erakundeen ekarpena ordainezina da, eta ONCE sektore horren adierazle bikaina da. Harro-harro goraipatzen dugu gizartearen arloan egin dugun ibilbidea, eta Euskadin hainbat hamarkadatan milaka pertsonaren inplikazioari esker egin dugun lan luze hori balioetsi nahi dugu. Erakundeak ordezkatzen ditugunok ondare hori jaso dugu eta gure ekarpena egin dugu, baina meriturik handiena gure herritarrena da. Gizarte konprometitua da gurea”.
“ONCE pertsona guztien eta pertsona guztientzako gizartea aukera-berdintasunean, diskriminaziorik gabe eta ordezkatzen dituen pertsonentzat eskubide osoekin lortzeko mugak gainditu dituen eta etengabeko konpromisoa hartu duen erakundearen eredua da. Berdintasunaren defentsa horri dagokionez, zoriondu egiten zaituztet ospatzen ari zareten aste honetarako aukeratu duzuen leloagatik: “Berdinak. Gaurko. Biharko”, nabarmendu du Nerea Melgosak.
Gala Gurutze Beitiak aurkeztu du, eta José Antonio Pérez Ariasek, ONCEren Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak eman dio hasiera topaketari. “Berdinak. Gaurko. Biharko” bideoa proiektatu den topaketan María Jesús Idoeta Donostiako zinegotzia eta Jorge Iñiguez ONCE Gizarte Taldearen Kontseilu Nagusiko idazkari nagusia ere izan dira.