Confederation of European Probation (CEP) Europako erakunde bat da, eta hainbat justizia-administraziok, unibertsitatek, pertsona akademikoek eta Justiziaren esparruko profesionalek osatzen dute, besteak beste. Bere eginkizuna zigortutako pertsonen gizarteratzea sustatzea da, zigor komunitarioen bidez. Foro horretan jardunbide egokiak trukatzen dira, gizartea espetxeratzera jo gabe babesteko kezka komunarekin; izan ere, haien azken helburua da espetxea alternatiba bat izatea, eta ez lehen aukera. CEP-ak tratatu beharreko delituaren tipologiaren arabera banatzen ditu lan-eremuak. Horretarako, kideek aldizkako bilerak egiten dituzte online, eta topaketa presentzial bat egiten dute urtero Konfederazioaren lurralde batean.

Aurten, Bilbok indarkeria matxista ardatz duen lantaldea hartu du anfitrioi gisa. Horrela, espetxearen ordezko neurrietan adituak diren hogei bat pertsona Euskadiko Artxibo Historikoan bildu dira, eta Genero Indarkeriaren taldearen lehen bilera izan da, etxeko indarkeria eta sexu-delitu gisa sailkatutako delituak lantzen zituzten aurreko bi talde batzea erabaki ondoren. Era berean, Europako Konfederazioarekin bat egin duen azken kidea izan da Euskadi, eta aurkezpen ofiziala egin da.

Bilera Jana Špero CEPeko idazkari nagusiak zuzendu du, eta Kieran McCartan West England Bristol Unibertsitateko irakaslea izan da moderatzaile. Bertan, Irlanda, Danimarka, Portugal, Letonia, Kroazia, Malta, Ipar Mazedonia eta Kataluniako ordezkariek parte hartu dute; eta Turkia eta Erresuma Batua izan dira bere bi jarduera-programak aurkeztera gonbidatu dituzten herrialdeak.

Euskal ordezkaritza Endika Biotak egin du, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuko lantaldeko kideak. IRSE-Euskadik kudeatzen du, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren zuzendaritzapean.

Lanaldia goiz osoan luzatu da, eta 2024-2026 lan-plana zehaztu da.