Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bide berriak sustatzen jarraitzea eta esparru guztietan genero-berdintasunari aukerak ematen jarraitzea. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Emakunderen eskutik, pauso garrantzitsuak ematen jarraitzen du genero-berdintasunaren alde, kasu honetan ere ikuspuntu teknologikotik.
Hala, eta ildo horretatik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburu Nerea Melgosak eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak Posible al da Adimen Artifizial Feminista bat? jardunaldia ireki dute aste honetan Bilbon. Jardunaldia Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko Bizitzen aldeko Herri Itunaren aurkezpenaren urteurrenaren testuinguruan egin da. Jardunaldiaren ardatza Ituna osatzen duten hamar puntuetako bat izan da, eraldaketa digitalarena, eta, iragarri duten bezala, sakonago landuko da Donostiako Miramar Jauregian urriaren 23 eta 24rako Emakundek antolatu den Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia. Paradigma aldatzearen alde nazioarteko kongresuan.
Ildo horretatik jarraituz, adimen artifizialari dagokionez, sailburuak esan du "zalantzarik gabe", adimen artifiziala bide berriak irekitzen ari dela, aukera berriak, baina baita kezka berriak ere: “Esate baterako, teknologia testuinguru sozialetik eta gizartearen konplexutasunetik artifizialki bereizteko arriskua. Edo rol eta estereotipo sexistek sistema algoritmikoei nola eragiten dieten jakitea”. Zentzu horretan esan du hausnartu behar dela jakiteko “nola egin sistema horiek teknologia diskriminatzaile bihur ez daitezen”. Elgarrestak, bestalde, zientziaren eta teknologiaren mundua aukera bat bezala ikusi behar dugula esan du.
Azaldu duenez, “generoa kontuan jartzen duen teknologia digitala aukera paregabea da emakumeak ahalduntzeko, emakumeek teknologiaren diseinuan parte hartzeko eta aro digitalean dauden desberdintasun mota guztiak ezabatzeko”. Honekin batera, gogorarazi du Nazio Batuek dei egin dietela gobernu guztiei eta gizarte osoari mundu digital “seguruagoa, inklusiboagoa eta bidezkoagoa” lortzeko ahaleginak bizkortzeko. Ildo horretan, uste du beharrezkoa dela eremu horretan “paradigma aldatzea”, 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak egia bihurtzeko.