igarren Naziometroa kalean da. Eta lehenengoan hipotesi ziren batzuk, berretsi dira. Argiak zein ilunak, garbiago daude. Horretarako sortu genuen Naziometroa: burujabetza nahien eta horri lotutako joeren ezaugarritzean laguntzeko. Naziometroa etenik gabeko hausnarketa izatea nahi dugu. Eta Naziometro bakoitza, hausnarketarako etenaldia. Hor kokatzen da, hortaz, gaur egin nahi dugun ekarpena: nabarmendu nahi ditugun bost jarrera eta beste zenbait ondorio.

Bat. Euskal Herria errealitate bat da. Gehiengo batek Euskal Herria zazpi lurraldeez osatutako eremuarekin identifikatzen du (%41) eta soilik Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabarekin % 33ak. Hutsaren urrena dira Euskal Herriaren izatea bera zalantzan jartzen dutenak, %3a. Izan, bagara beraz. Eta ez da gutxi. Bestetik lurralde honetako %24ak bere burua soilik Euskal herritartzat du eta Euskal herritar eta frantziar edo espainiartzat %26ak. Berriro ere gutxiengo nabarmena dira bere burua soilik espainiar edo frantsestzat dutenak. Azkenik, izanari izena jartzerakoan, aukera zabal baten artean gehiengoak (%51) Euskal Herria aukeratu du eta ondoren datoz Euskadi, País Vasco edo Pays Basque aukeratu dutenak ( %42,%32, eta %18 urrenez urren). Urrun gaude herri normalizatu bat izatetik, baina badugu zorurik aurrera egiteko.

Bi. Demokrazian sankotzeko nahia. Gure herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela eta erabakitakoa errespetatu egin behar dela defendatzen da. Funtsean: demokrazia. Euskal Herritarrek demokraziaren aldeko apustu sakona egiten dute. Eredu demokratiko eta parte-hartzaileak nahi dituzte. Eta euren bizitzetan eragina duten gai guztien gainean erabakitzeko ahalmena desio dute. Baita herri gisa dugun etorkizun politikoaz erabakitzeko ere (%67). Hiru eremu administratiboetan antzera: EAEn %72, NFKn %71 eta EHEn %68. Etorkizun politikoa erabakitzearen aurkakotasuna ere orekatua da (%20 baino gutxiago hiru eremu administratibotan). Eta noski, Madril eta Parisek erabaki hau errespetatu beharko luketela adierazten da (%67).

Hiru. Lurraldeen arteko harremanak estutzeko nahia. Emaitza erabatekoa da (%87). Adierazgarria da nafarren artean (%83). Zehatzago, osasun zerbitzuetan (%57), hezkuntzan (%55) eta ekonomian (%54) harremanak estutu eta elkarlanean aritzeko nahia ikusten da. Kulturan (%49) eta euskararen sustapenean (%41) ahulagoa da.

Lau. Euskal Estatuaren aldekotasun hedatu-baldintzatua. Euskal Estatuaren aldekotasuna, baldintzen arabera, hedatu egiten da. Argiki, adostutako erreferendum baten eskeman egiten bada (%40). Berdin ongizatean sakontzen laguntzen badu. Bigarren Naziometroan, enpresa handien deslokalizazio aukerak, pentsio edo erretreta sistema, euskararen sustapena eta politika ekologikoak jarri ditugu aldekotasun baldintzatu hori aztertzeko parametro gisa. Eta emaitza argia da: balizko Euskal Estatuak pentsio sistema hobea, politika ekologiko hobeak edota enpresa ehun hobea ahalbidetuko balitu, Estatu horrekiko aldekotasuna areagotu egiten da (%48, %47 eta %45, hurrenez hurren). Agertoki kaltegarrietan Euskal Estatuaren aurkako jarrera oso altua da. Independentziaz galdetuta, emaitzak ere ezberdinak dira. Alde nabaria dago aldeko (%27) eta aurkako (%42) joeren artean. Eta noski, EAEtik kanpo, alde hori areagotu egiten da. Are, Nafarroan, gehiengoa erkidego bakarrak sortzearen aurka ere badago (%63). Kontraesankorra iduri dezakeen arren, independentziaren marko kontzeptualari lotua dagoen emaitza dirudi. Hau da, independentzia, kontzeptu gisa, akordio falta eta konfrontazioarekin lotzen dela.

Bost. Aurrerakoi, baina ez hain abertzale. Ezker (0) - eskuin (10) kokatzerakoan, herritarrak zentrotik ezkerrera kokatzen dira (4,1). Eta feminista (6,3), ekologista (6,9), eta euskaltzale (6,9) sentitzen dira. Auto-irudia, hortaz, aurrerakoia da. Abertzaletasunaz galdetzean, ordea, nabarmen jaisten da (4,7). Honek, nolabait, aurreko puntua indartzen du: herritarrengan ongizatearekin lotutako gaiek indar handia dutela; eta horietan sakontzeak Euskal Estatuarekiko aldekotasuna igotzen duela, hain abertzale sentitzen ez diren horien artean ere.

Naziometroaren helburua gure errealitatearen ahalik eta irudirik objektiboena lortzea da, non eta nola eragin asmatzeko. Zentzu horretan, lehen bi Naziometroek honakoa erakusten dute: euskal herritarren gehiengo batek, egungo egoerarekin pozik egon arren, eskuduntza maila handiagoa izan nahiko lukeela; lurraldeen arteko harremanak sakontzeko beharra ikusten duela; demokrazia eta eredu parte-hartzaileak nahi dituela; eta adostasuna bermatua dagoen testuinguruan, Euskal Estatuaren alde egingo lukeela. Eta Naziometroak eskaintzen digun argazki hau itxaropentsua litzateke Euskal Herria Kanada, Belgika edota Erresuma Batuaren barruan egongo balitz. Baina ez da kasua.

Telesforo Monzonek abertzaletasuna amuarrainekin alderatzen zuen: errekan gora etengabean igerian ari den arraina, lokartzen bada, ur korronteak berriz ur geldoetaraino eramaten duena. Euskal Herrian demokrazian sakonki sinisten duen masa kritikoa zabaltzen joateko aukera badagoela deritzogu. Baina bere ezaugarriak nahiko likidoak direla oso presente izanez. Abertzaletasunak badu erronka koipe hori gihar bihurtzen. Ezinbestekoa zaigu nortasuna landu eta garatzea, herri baten parte izatearen kontzientzia indartzea. Joseba Sarrionandiak esaten duen bezala, komunikazio eta elkartasun espazio bat sortzea. Eta iraganetik datorkigun nor izateko grina etorkizunera proiektatzea da abertzaletasunak duen egiteko handietako bat. Oteitzak zioen: “zerbait berria sortzen ari denak arraunlari baten antzera egiten du, aurrerantz egiten du itsasoan baina bizkarrez arraunean, atzera begira, iraganera, existitzen denerantz, bere gakoak berrasmatu ahal izateko”.

Eraldaketa disruptibo sakonen XXI. mende honetan, non gizarte zatikatu eta hauskorrak ditugun, talde-pertenentzia gero eta premiazkoagoa da: identitateek berebiziko garrantzia dute (eta izango dute). Eta horretxegatik, identitateak ezin du ongizate proiektu batetik kanpo gelditu. Are, abertzaletasunari ezinbestekoa zaio ongizatea eta identitatea elkar ondo lotzea. Biak ala biak behar ditu: abertzaletasunak estatu proiektu bat osatzeaz gain, nazio proiektu bat ere osatu behar du. Identitate komuneko proiektu bat. * Telesforo Monzon Laborategia