Donostiako Udaltzaingoko bi agentek txatarrerako ziren 45 bizikleta konpondu eta joan den azaroan tanta hotzaren ondorioak jasan zituzten Valentziako Paiporta eta Catarroja herrietan banatu dituzte.

"Valentziako herriarekiko elkartasunak aurrera jarraitzen du azken urteetako hondamendi natural garrantzitsuenetako bat gertatu eta hiru hilabetera. Gertatutakoaren ondoren eta egunik larrienetan eta kaotikoenetan laguntza ematera bertara joateko ezintasunaren ondoren, Donostiako herriaren elkartasunak jarraitu egin du danak gehien kaltetutako eremuetako biztanleekiko", adierazi dute Donostiako Udaletik.

Hain zuzen, Javier Cortes eta Francis Indias udaltzainek bizikletak lortzeko eta eramateko ekimena jarri zuten martxan. Horretarako, Donostiako Udaltzaingoko zuzendari Jon Udakiolarekin hitz egin zuten, eta udalari eskatu zioten ibilgailuen gordailuan utzita eta txatarrerako ziren 45 bizikleta lagatzeko, konpondu eta ondoren kaltetutako eremuetara eramateko.

Agenteak Torrenteko Col.lectiu Soterranya elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta haiekin elkarlanean, zenbait astetan konponketa lanak egin ostean, Paiporta eta Catarroja herrietan banatu dituzte bizikletak.

Bestalde, Euskadi Fundazioko txirrindularitza taldeek Mendiz enpresa arabarraren bizikletak eramango dituzte 2025ean, "berrikuntzaren, bikaintasunaren eta benetako txirrindularitzaren aldeko apustuan".

Hain zuzen, Euskadi Fundaziotik jakinarazi dutenez, taldeen koloreekin egokitutako F8SL (igotzailea), F12 (aeroa) eta TT10 (erlojupekoa) bizikletak hornituko dizkie Mendizek Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa-Euskadi ProTeam taldeei eta Euskadi Fundazioko harrobiko multzoari.

Deda (gurpilak eta eskulekuak), Selle Italia (zela), Vittoria (gurpil-azala), Shimano (taldea) eta Rotor (bielak eta potentziometro) hornitzaile teknikoek osatuko dituzte euskal taldeen bizikletak.