Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako irteera-itzulera operazio bereziaren lehen balantzea egin du, eta nabarmendu du, Euskadin, Frantziatik eta Europako gainerako herrialdeetatik Portugalera eta Afrika iparraldera doazen ibilgailuen kopuruak gora egin duela. Uda honetan, nazioarteko trafikoa %4,5 hazi da 2024arekin alderatuta, eta aurreikuspenek %3,8 iragartzen zuten. Bestalde, barne-trafikoaren bolumen handiena, batez ere A-8 autobidean, Kantabriarekiko lurralde-mugan eta asteburuetan, %3,5 hazi da, eta, beraz, hemen ere gainditu egin da %3ko hazkundearen aurreikuspena.

Irungo AP-8 autobideko ordainlekuan egin dituen adierazpenetan, Olabarrik adierazi du Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehen asteetan baieztatu egin dela errepideko mugikortasuna urtez urte hazten ari dela; izan ere, aurreikusi bezala, erregistratutako datuak iazkoak baino handiagoak dira. Hala eta guztiz ere, oro har, zirkulazioa arin samar igarotzen ari da, auto-ilara handirik eta gorabehera nabarmenik gabe.

Nazioarteko trafikoan, litekeena da uztailaren 31rako 2.140.000 joan-etorri izatea.

Barne-trafikoari dagokionez, ibilgailuen intentsitaterik handienak asteburuetan biltzen ari dira A-8an, Kantabriarekiko lurralde-mugan: ostiral eta larunbat goizetan Kantabriarantz, eta kontrako noranzkoan igandeetan. Aurtengo ekaineko asteburu gehienetan izandako eguraldi eguzkitsuari esker, orain arteko hazkundeak hasierako aurreikuspena gainditu du. Tarte horretako auto-ilarak ahalik eta txikienak izan daitezen, bosgarren urtez jarraian, hitzartutako garabi-zerbitzua jarri da martxan trafiko gehien dabilen asteburuetan, istripua izan duten edota matxuratuta dauden ibilgailuei laguntzeko. Zerbitzu berezi horrek zazpi erreskate egin ditu orain arte (lau matxurengatik eta hiru ibilgailuen istripuengatik).

Udako lehen asteetan izan diren auto-ilara nagusiei dagokienez, Bizkaian, uztailaren 11n, ostirala, 10 km-rainoko auto-ilarak izan ziren Muskiz eta Trapagaran artean, ibilgailuen kopuru handia dela eta. Gipuzkoan, uztailaren 13an, igandea, arratsaldeko azken orduan, 11 km-rainoko ilara sortu zen A-15 errepidean, Irungo noranzkoan, Berastegi eta Villabona artean, Belabietako tunelean obrak egiteko prestatu den by-passaren ondorioz. Eta azkenik, Araban, trafiko-dentsitaterik handiena uztailaren 19an, larunbata, izan zen, N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean; 2,5 km-rainoko auto-ilarak izan ziren nazioarteko zirkulazioan zeuden ibilgailuen kopuru handiagatik.