Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dutela Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) nazioarteko joan-etorrietan udako operazio berezian. Aurten, gainera, Parisko Joko Olinpikoekin batera izango da (uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira), eta horrek ere eragina izan dezake trafikoan.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, Bilbon.

Ohikoa denez, mugimendu garrantzitsuena nazioartekoa izango da, Itsasartea Igarotzeko Operazioaren ondorioz. Alde horretatik, aurreikusi da uda honetan bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatuko dutela EAE, batez ere Portugalerako eta Afrika iparralderako bidean.

Hori dela eta, irteera operazioan, seinale bereziak jarriko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen lotunean Burgos/Madrilerako noranzkoan; itzulera operazioari dagokionez, seinale bereziak jarriko dira Armiñongo lotunean, AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan.

Barneko trafikoari dagokionez, Olabarrik adierazi du 2023an izandako antzeko joan-etorri kopurua edo handiagoa espero dela; iaz 40 milioi joan-etorri baino gehiago erregistratu ziren. Edonola ere, ohikoa den moduan, arreta berezia jarriko da opor garaian kritikoak izan ohi diren puntuetan, hau da, A-8an, Kantabriarako noranzkoan; AP-8an, mugan; Armiñongo lotunean eta AP1 eta N-622 arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan; N-622 eta A-1 arteko lotunean, Burgoserako noranzkoan.

Ertzaintzako trafiko unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta bertatik bertara emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora eta kontrol horren euskarria izango da.