Síguenos en redes sociales:

Udal Musika Bandak euskal folklorea omenduko du

Udal Musika Bandak euskal folklorea omenduko duUtzitakoa

Bilboko Udal Musika Bandak 2024ko udaberriko denboraldia bukatuko du ostiralean, ekainaren 21ean, Gure doinuak kontzertuarekin, euskal folklorea omentzeko, Bizkaiko hiriburuko Areatzako kioskoan.

Iñaki Urkizu bandaren zuzendariordeak gidatuko du "euskal musikaren herentzia aberatsaren ospakizun kontzertua", eta bertaratzen direnek "dedikazio handiz hautatutako errepertorioaz" gozatu ahal izango dute, konposizio tradizionaletako abestieikin zein garaikideagoekin.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Jose Franco Ribateren Eusko Eleskiak eta Eusko Gogua, Gonzalez Bastidaren Fuenterrabia-Ondarribi, Ruper Lekue Bernaolaren Zaraitzu edota Josep Vicent Egea Insa konpositoreak egindako Agur Jaunakbezalako abesti ezagunen moldaketak eskainiko ditu emanaldiak.

"Euskal musikaren esentzia eta edertasuna islatzen duten obrak dira, eta, sustrai kulturalak omentzeaz gain, euskal musikaren tradizioaren bilakaera eta berrikuntza ere goraipatzen dute", adierazi dute.

Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta, Areatzako kioskoan Bilboko udal banden emanaldi guztietan bezala, sarrera doakoa izango da eta musika herritar guztiei hurbiltzea da helburua.

Bestalde, Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketako sei lan finalisten artean herritarrek bozkatzeko epea igandean amaituko da, ekainaren 23an. Orotara 303 irudi aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak 'Marijaia eta gehiago', Jaietara atera! / ¡Sal a las fiestas!, Síntesis, Azul agosto, Labios eta GORA MARIJAIA izenburukoak aukeratu ditu.

Epaimahaiko ordezkariek azaldu dutenez, bozketa sistema mistoa izango da, hau da, aurrez aurre Abandoko udaltegian eta sarean udalaren webgunearen bidez. Epaimahaiaren balorazioa ere kontuan hartuko da. Aste Nagusia abuztuaren 17tik 25era ospatuko da aurten.

Diseinu grafikoko profesionalek (172) eta amateurrek (131) aurkeztu dituzte 303 lanak. 87 egile bilbotarrek aurkeztu dituzte, 54 Euskadiko beste lurraldeetakoek eta 145 Espainiako Estatukoek. Era berean, Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Brasil, Ekuador, Bolivia eta Finlandia bezalako herrialdeetatik heldutako 17 lan jaso dira.