Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak Bilbon egingo du azaroan 2024ko batzar nagusia
Euskalgintzaren Kontseiluaren ardura izango da 25 herrialdetik gorako ordezkariak batuko dituen bilkuaren antolaketa
Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sareak (ELEN-European Languages Equality Network) Bilbon egingo du 2024. urteko batzar nagusia, azaroaren 8tik 10era bitarte. Euskalgintzaren Kontseiluaren ardura izango da 25 herrialdetik gorako ordezkariak batuko dituen bilkuaren antolaketa, eta jada abiatu du erakunde publiko eta gizarte eragile ezberdinekin harreman erronda, topaketa lankidetzaren emaitza izan dadin.
Euskalgintzaren Kontseiluak jakinarazi duenez, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearen zuzendaritza batzordearen bileran parte hartu zuen joan den ostiralean, Bartzelonan, eta, besteak beste, hizkuntza gutxituek Europako egungo testuinguruan duten egoera aztertu zen eta hizkuntza berdintasun eta askatasunean aurrera egiteko bideak eta elkarlanaren noranzkoa arakatu eta adostu ziren.
Zuzendaritzak hartutako erabaki aipagarriena 2024ko batzar nagusia Euskal Herrian egitea izan zen; zehazki, azaroaren 8tik 10era arte, Bilbon. Kontseilua arduratuko da antolaketaz, eta dagoeneko abiatu du erakunde publiko eta gizarte eragile ezberdinekin harreman erronda, lankidetzaren emaitza izan dadin.
ELEN Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten duen nazioarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estatutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituztenak, Iberiar Penintsulako hizkuntza guztiak barne. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horietako 50 milioi hiztun baino gehiago ordezkatzen dituzte, Europar Batasuneko biztanleriaren ia %10, eta gobernuen eta nazioarteko erakundeen aurrean hizkuntza horietako hiztunen ahotsa izatea du helburu.
Euskalgintzaren Kontseilua sareko lehendakariordea da, eta hastapenetik da euskararen aldeko eragileak ordezkatzen dituen erakundea. Batzar nagusia da erakundearen bilgune nagusia eta ikerketa eta lan ildo berrien aurkezpenerako, eztabaidarako zein Europa mailan hizkuntza gutxituen biziberritze eta normalizazioan eragiteko proposamen eta politika berrien adostasunak lantzeko espazioa.
Temas
Más en Mundo
-
El alcalde de París relativiza los disturbios en medio de acusaciones de la ultraderecha
-
Detenidas 27 personas en Bruselas en una macrooperación contra el narcotráfico
-
El informe final del Gobierno rumano identifica como ruso el avión no tripulado que se estrelló el viernes
-
Comienzan en Colombia las votaciones para elegir al sucesor del presidente Gustavo Petro