eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak finantza lankidetzari buruzko jardunaldia antolatu dute ostegunean, ekainaren 20an, Bilboko BBK Kuna zentroan. Inbertsioan eta finantza lankidetzaren inguruan GGKEei eragin formakuntza ematea da helburua, euskal eragileen artean lankidetza tresna berri bat zehazteko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, berriki onartu da Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea, eta horrek hainbat berrikuntza ekarriko ditu, besteak beste, etorkizun hurbilean finantza lankidetzarako modalitate berri bat.

Era berean, jada badago eragin inbertsioaren inguruko ekosistema bat, munduko finantza joera oso bat, baliabide gehigarriak sortzeko eta Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen laguntzeko gai dena. Inbertsio mota horrek bilatzen du errentagarritasuna eta itzulkin soziala, jasangarria eta ekonomikoa ere, bai inbertitzen duenarentzat, bai Hegoalde globaleko familia eta komunitateentzat.

Ildo horretan, jardunaldian saiatuko dira euskal erakundeak eta entitateak gai horretan prestatzen. Horretarako, arlota ezberdinetako adituen parte hartzeaz gain, erakundeen esperientzia zehatzak ezagutzeko aukera egongo da, hala nola Anesvad, Ayuda en Acción, Oxfam, Save the Children edo Alboan erakundeena.

Gainera, topaketak balioko du lege berriak ahalbidetzen dituen tresna berrien zehaztapenari buruz hausnartzeko, GGKEen parte hartzearen ikuspegitik. Jardunaldiak irekiak dira, baina izena aldez aurretik eman behar da https://www.ongdeuskadi.org/eu/agenda/euskadiko-finantza-lan... estekan.

Antolatzaileen arabera, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea onartuta, garrantzi berezia hartzen du tresna berriak sortzeak, askotariko eragileen gaitasun guztiak aktibatzeko eta justizia globalaren aldeko borrokari baliabide berriak gehitzeko. Zentzu horretan, arau berriak finantza lankidetzarako modalitate berri bat aurreikusten du, Euskadik ez baitu orain arte horretarako tresnarik izan.

Gauzak horrela, 2023ko otsailean, eLankidetzak euskal lankidetzaren finantza modalitatea diseinatzeko prozesua abiatzeko mintegi bat antolatu zuen. Helburua izan zen euskal eragileen artean prozesu kolektibo bat abiatzea, hala nola erakunde publikoen, kooperatiben, finantza etikoen erakundeen, GGKEen edo ekonomia sozial eta solidarioaren parte diren erakundeen artean.