Awa Fam jokalari espainiar gazteak Lointek Gernika Bizkaia taldean jokatuko du 2024-2025 denboraldian, Valentzia Basketek lagata. Pibota "mundu mailako harribitxi bat da", eta NCAA AEBetako unibertsitate ligako eskaintza handiak ukatu ditu bere kirol ibilbidea emakumezkoen Endesa Ligan jarraitzeko, Gernikako taldeak jakinarazi duenez.

Famekin, Lointek Gernika Bizkaiak bederatzi jokalari ditu oraingoz datorren denboraldiari aurre egiteko: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson, Irati Etxarri, Elena Buenavida eta Awa Fam.

Azken denboraldian, 1,92 metro luze den pibotak Valentzia Basketeko lehen taldea eta Nou Paterna bigarrena uztartu ditu. Lehen taldearekin dagoeneko 71 partida jokatu ditu azken urteetan. LF Challengueko jokalaririk onena izan da batez beste 12 puntu, 10 errebote eta 2,2 asistentzia lortuz, guztira 18,5 kredituko baloraziorako.

L'Alquerian hazitako jokalaria Espainiako saskibaloiaren harrobiko ikur nagusietako bat da. Horrela, 17 urte besterik ez dituela, Miguel Mendez Espainiako hautatzailearen deia jaso du lehen aldiz, gonbidatu moduan, Parisko Joko Olinpikoak prestatzeko. Horrez gain, 20 urtetik beherako taldearen deialdian ere dago.

Awa Famek Lointek Gernika Bizkaiaren lehiakortasuna nabarmendu du: "Maila gorenean lan egin ahalko dudan taldea da. Egunero gogor lan eginez hobetu eta hazteko toki aproposa da eta pixkanaka emakumezkoen Endesa Ligan nire lekua egitea. Hau da, ni moduko jokalari gazte batentzako leku bikaina da".

Bere aldetik, Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak Valentzia Basketekin izandako harreman eta komunikazio onak goraipatu ditu, eta Awa Fam "izaera handiko jokalaria" dela azpimarratu du. "Agerikoa da arlo fisikoan duen gaitasuna, indar asko emango dio taldeari. Era berean, Malosten bere bertuteak landu ahalko ditu, kantxan gauza asko egin ahal dituen jokalaria delako, erasoan bere mugikortasunarekin zein defentsan erreboteak hartuz", azaldu du.