Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) gobernu kontseiluak erakundearen 2023. urteko ekitaldiko kontuak onartu ditu asteazken honetan, Bilboko Bizkaia Aretoan egindako bileran. Diru sarreren aurrekontuaren egoera orrian, eskubide onartu garbiak 534,6 milioi eurokoak izan dira, hau da, 2022ko ekitaldian baino %5,18 gehiago.

Hain zuzen, Euskal unibertsitate publikoaren finantzaketa iturriak honako hauek izan dira: finantzaketa publikoko 453,3 milioi euro, finantzaketa pribatuko 21,2 milioi euro, eta beste diru sarrera batzuetako 60,1 milioi euro.

Gastuen aurrekontuaren egoera orrian, betebehar onartu garbiak 505,4 milioi eurora iritsi dira 2023ko ekitaldian, hots, aurrekoan baino %5,48 gehiago. Diruzaintzako gerakinari dagokionez, 2023ko abenduaren 31n 0,13 milioi eurokoa zen.

Gobernu kontseiluaren aurrean egindako hitzaldian, Eva Ferreira errektoreak 2023ko ekitaldiko kontuen inguruko balorazio positiboa egin du. Alde batetik, funts publikoen "erabilera serio eta arduratsua" egin dela azpoimarratu du, eta horrek "unibertsitate osoa" inplikatzen duela.

Beste alde batetik, ikerketaren eta ezagutza transferentziaren bidez baliabideak atzematean unibertsitateak lortu duen "hazkunde nabarmena" ere azpimarratu du. "Kontzeptu horretan bakarrik, 2023an, Euskal Herriko Unibertsitateak 120 milioi eurotik gorako diru sarrerak izan zituen. Albiste bikaina da, eta, gainera, horrek hurrengo ekitaldietan emaitzak hobetzen jarraitzeko konprometitzen gaitu", esan du.

Azkenik, EHUko gobernu kontseiluak ordezkaritza sindikalaren gehiengoarekin lortutako hainbat akordio berretsi ditu asteazken honetako bileran; horien artean erretiroa hartu aurreko baldintzetan hobekuntza aurreikusten dutenak nabarmentzen dira, bai irakasle-ikertzaileena, bai teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuko langileena.