Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroen 52. aldia hasiko da ostegunean, ekainaren 6an, Iruñeko Kondestable jauregian egingo den 'Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak' izenburuko jardunaldiarekin.

UEUk jakinarazi duenez, jardunaldia 10:15ean hasiko da, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak egingo duten ongietorriarekin eta aurkezpenarekin.

Jarraian hiru hitzaldi izango dira: Iñigo Urrutia Zuzenbidean doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslearen 'Euskararen estatus juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoan' 10:30ean, Joana Falxa Zuzenbide Pribatu eta Zientzia Kriminaletan doktorearen 'Euskararen estatus juridikoa Ipar Euskal Herrian' 11:00etan, eta Joseba Compains abokatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen 'Euskararen estatus juridikoa Nafarroa Garaian' 11:30ean. Jardunaldiaren lehen atalaren gidari eta moderatzailea Maite Zelaia EHUko irakaslea izango da.

Ordutegia

Ordu erdiko atsedenaldiaren ondoren, 12:30etik 14:00etara mahai-ingurua egingo da 'Euskararen estatusaz haratago, nola bizi dugu egoera hau(ek)?' izenburupean, eta Elena Laka eta Urko Aiartza abokatuen, Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkariaren, Oskar Zapata Nafarroako Topaguneko zuzendariaren eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariaren parte hartzearekin. Moderatzailea Miren Mindegia kazetari, gidoilari eta editorea izango da. Bukatzeko, jardunaldiaren ondorioak azaldu eta itxiera eta agurra egingo dute Aitor Bengoetxeak eta Ane Sarasuak.