Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia uztailaren 5etik 7ra ospatuko den 34. ediziorako bolondres bila dabil eta lantaldeko kide izan nahi dutenentzat izena emateko epea ireki du ostiral honetatik ekainaren 13ra bitarte. https://kaleka.eus/kalekarako-bolondres-bila-gabiltza/ web orrian aurki daiteke informazio osoa.

Ikuslearen rola ere birplanteatu egingo da, jaialdiaren parte aktiboa bilakatuz eta kale arteen esentziara hurbilaraziz

Jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Kaleka "izaera eraberrituarekin" dator aurten, eta, lan eszenikoen, tailerren, partaidetza instalazioen eta komunitatean sortutako "kaleko arteen" sorkuntzaren bidez, artearen dimentsio soziala nabarmendu nahi du. Ikuslearen rola ere birplanteatu egingo da, jaialdiaren parte aktiboa bilakatuz eta kale arteen esentziara hurbilaraziz.

Bada, jaialdia antolatu ahal izateko ezinbestekoa da lantalde aktibo bat osatzea, eta, produkzio lanak burutzeaz gain, kale arteekiko interesa erakusten duten pertsonak bilatu nahi ditu Kalekak, "jaialdiaren parte izango diren bolondresen taldea osatuz".

"Kalekaren bolondres programan parte hartzea esperientzia profesionala jasotzeko aukera paregabea da, bai eta, koordinazio lanak eginez, herriko jendea ezagutzeko, artista bisitariekin harremana izateko eta askoz gehiagorako ere", ziurtatu dute.

Gainera, bolondresek 'Ikuslearen Hiztegia' formakuntza tailer berezia jasoko dute, eta bertan, "kaleko arteen ikuskizunak hobeto ulertzeko eta gehiago gozatzeko hiztegia jasoko eta asmatuko dute".