Síguenos en redes sociales:

Kriminologiaren Euskal Institutua saritu dute Estonian

Kriminologiaren Euskal Institutua saritu dute EstonianUtzitakoa

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kriminologiaren Euskal Institutuak beste herrialde batzuetako unibertsitate eta erakundeekin batera sustatutako indarkeria politikoari buruzko Topaketen Topaketa Errestauratiboko nazioarteko sareak Justizia Errestauratiboaren zazpigarren saria jaso du Tallinen (Estonia), Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko Konferentziaren 12. edizioan.

Gema Verona Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak nabarmendu duenez, "zoritxarrez dagoeneko gure artean ez daudenak ohoratzen ditu sari honek, eta, aldi berean, datozen belaunaldientzat da. Nahiago genuke sari hau ez jaso, baina, gerraz betetako mundu honetan, salbuespenik gabe, pertsona guztiak konprometitzen gaitu zeregin errealista batera: bakean emandako eta bakera zuzendutako pauso txikiak eta mugatuak imajinatzea eta horiek elkarrekin eraikitzea".

Euskal Autronomia Erkidegoan, Nafarroan, Israelen, Palestinan, Ipar Irlandan, Ukrainan, Belgikan, Frantzian, Italian eta Alemanian zuzeneko edo zeharkako indarkeria politikoa jasan duten biktimak biltzen ditu Topaketen Topaketa Errestauratiboen nazioarteko sareak, baita haren egikaritzean parte hartu duten pertsonak, topaketa errestauratiboetako parte hartzaileak, bideratzaileak eta kaltetutako komunitateko ordezkariak ere, bereziki belaunaldi gazteak.

Sarea duela bi urte elkartu zen lehen aldiz, Kriminologiaren Euskal Institutuan, eta iaz bosgarren aldiz bildu zen EHUko hiru campusetan, sarean egindako bilera baten eta Italian egindako bi bileraren ondoren. Testuinguru ezberdinak izanik, bakea lortzeko pausoak ematean hainbat herrialdek elkarrekin ikastea da sarearen ideia nagusia, indarkeriaren ondarearen aurrean ikuspegi berreraikitzailea izanik, are indarkeriak jarraitzen duenean ere.