BBK Fundazioaren BBK Kuna gizarte berrikuntzako laborategiak Kuna-co proiektuak ekimenaren beste deialdi bat egin du, Euskadin oro har eta Bizkaian bereziki GJHak lortzera bideratutako berrikuntza proiektuak bultzatu nahian, eta oraingoan erronkak izango dira eskolaz kanpoko jardueretara iristeko hezkuntzan dagoen desberdintasuna eta migratzaileen trebetasun digitaletan sakontzea lan merkatuan sartzeko gako izan dadin.
Erronkak aukeratzeko etengabeko hausnarketa prozesua egiten da Daniel Innerarity filosofoa buru duen BBK Kuna Institutuan. Prozesu horretan, Bizkaiak aurre egin beharreko erronkak identifikatu eta lehenesten dira, eta deialdiak erronka horietako batzuei heldu nahi die bere definizio zehatzenetan, inpaktu eta onura sozial handiena lortzera bideratuta, BBK Kunako arduradunek jakinarazi dutenez.
Aurten planteaturiko erronkei dagokienez, kultura edo kirol bide bat erabiliz eskolaz kanpoko jardueretarako irisgarritasun premiak identifikatzeko gai diren proiektuak bilatzen ditu 'Hezkuntza eta desberdintasuna: eskolaz kanpoko jarduerak' erronkak, baita bazterketa arriskuan dauden adingabe gisa identifikatutako umeen integrazioa hobetzeko benetako gaitasuna duen proiektu pilotu berritzaile bat proposatzen dutenak ere.
Bestalde, 'Migrazioa eta talentua: enplegu digitalak' erronkak migratzaileen trebetasun digitaletan sakontzea ardatz duten proiektuak bilatzen ditu, gero eta lehiakorragoa den lan merkatuan sartzeko giltza bihur dadin. Talde horien enplegagarritasuna handitzeko planteamendua bilatzen da, eta lan merkatuan eskaintzen diren eta erabat digitalak diren enplegu berriak eskuratzeko benetako gaitasuna izan dezatela.
'Kuna-co proiektuak' deialdiak 150.000 euroko aurrekontua du, eta hautatutako proiektuen artean banatuko da. Hautaketa panelak proiektu bakarra aukeratuko du erronka bakoitzeko, eta proiektuak aurkezteko epea ekainaren 20ra arte dago zabalik.
Ikerketa eta ekintza gauzatzeko elkarlanean jardungo duen erakunde talde batek aurkeztu beharko ditu proiektu proposamenak, eta irabazi asmorik gabeko erakunde batek gidatu beharko du partzuergo hori. Proiektuek konponbide benetakoak, erreplikagarriak eta eskalagarriak aurkeztu beharko dituzte, aukeratutako gaiari buruzko ikerketa proposamen batekin, eta, gutxienez, ekintza batekin azken emaitza gisa.