Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Emakumezkoen Futbolari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra antolatu du Ficoba Gipuzkoako Erakustazokarekin batera. Irunen egingo da, azaroaren 21ean eta 22an, eta "mugarri historikoa" izango da emakumezkoen futbola sustatzeko, kirolean berdintasuna bultzatzeko eta kiroleko sexu indarkeriaren aurka borrokatzeko.
Goizane Alvarez Irijoa Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak eta Cristina Laborda Irungo alkate eta Ficobako lehendakariak biltzarrari buruzko informazioa bilduko duen web orria eta biltzarraren edukiaren zati bat aurkeztu dute
Topaketak funtsezko gaiak jorratuko ditu, hala nola lesioak eragiten dituzten faktore biomekaniko eta soziokulturalak, sexu indarkeriaren prebentzioa futbolean eta horrek osasun mentalean eta errendimenduan duen eragina, eta emakumeen futbolaren garapena eta zabalkundea mundu mailan sustatzeko estrategiak.
Azaroan Gipuzkoa "emakumezkoen futbolaren nazioarteko hiriburu" bihurtuko dela adierazi du Alvarezek, eta "aurrekaririk gabeko" ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du. Emakumezkoen futbolaren inguruan dabilen izen handiko jendea elkartuko da, mundu guztitik heldua, jokalariak, entrenatzaileak, arbitroak eta agintariak barne direla.
Biltzarraren helburua da emakumeek egiten duten kirolaren esparruan aurre egin beharreko erronkak eta aukerak lantzea, batez ere gaur egungo futbolean. "Partekatzeko, hitz egiteko, esperientziak trukatzeko, beste esku hartze eredu batzuk ezagutzeko eta gauzak egiteko beste modu bat posible dela pentsarazteko espazio bat izango da", azaldu du.
Halaber, "funtsezkotzat" jo du identifikatzea zeintzuk diren "beste modu horiek kirolean berdintasuna benetakoa izan dadin eragiten dutenak, indarkeriarik, aurreiritzirik, estereotiporik eta baldintzapen historikorik gabekoa".