Astigarragako (Gipuzkoa) Zapiain sagardotegia izan da garailea Sagardo Naturalaren kategorian eta "urteko nazioarteko sagardotegi" izendatu dute Great Lakes International Cider and Perry Competition delako lehiaketan, Grand Rapids-en (Michigan, AEB) urtero egiten den nazioarteko sagardo txapelketarik handienean, hain zuzen.
Gainera, sagardotegiko Bizi-Goxo izotzezko sagardoa bigarren postuan sailkatu da dagokion kategorian, eta puntuazio oso altua lortu du lehiaketan aurkeztutako lau produktuekin urrezko lau domina eskuratuz, Zapiain sagardotegitik jakinarazi dutenez.
Great Lakes International Cider and Perry Competition lehiaketa aitzindaria da sagar eta udare hartzituen edariei dagokienez, eta 2012tik ospatzen da AEBetako Michigan estatuan. Maiatzaren 16an eta 17an ospatutako 2024ko edizioan 1.200 bat produktu aurkeztu dira eta nazioarteko epaileek bi egunetan zehar epaitu dituzte.
Horrela, Zapiain sagardotegiak "aurrekaririk gabeko arrakasta" lortu du, aurkeztutako lau produktuekin urrezko lau domina lortuz. Gainera, bere sagardoa Premium lehiaketako sagardo natural onena izendatu dute eta izotzezko sagardoaren kategorian bigarren postuan sailkatu da. Bestalde, "2024ko nazioarteko sagardotegi" izendatu dute.
Astigarragako sagardotegiko salmenta eta esportazio arduradun Ion Zapiainen hitzetan, "izugarrizko sorpresa eta poza eragin digu. Ameriketako Estatu Batuek sagardoaren ekoizpenari eta kontsumoari dagokionez momentu zirraragarria bizi dute, eta bertako merkatuak interes handia du gure produktuaren inguruan".
"Gure sagardoa inportatzailearen bitartez aurki daiteke bertan, eta mota honetako aitorpenek produktua ezagutzera ematen laguntzen digute. Euskal Sagardoa jatorri deituraren posizionamendurako ere oso garrantzitsua dela uste dugu, oraindik nahiko ezezaguna baita eta lan asko dago egiteko", azaldu du.