Udalbiltza Partzuergoak Energia Komunitateak: harreman sareak ehuntzen' topaketa antolatuko du ekainaren 15ean, Legorretan (Gipuzkoa). Hitzorduaren xedea izango da energia komunitateen arteko sareak ehuntzea, proiektuen arteko elkar ezagutza sustatzea eta Euskal Herri mailako harreman sare bat eraikitzeko aukera aztertzea, dagoeneko abian dauden energia komunitateei euren garapenean laguntzeko bidean.

2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen

Udalbiltzatik jakinarazi dutenez, ekaineko saioa beste mugarri bat izango da iaz abiatu zen ibilbidean. Izan ere, 2023ko martxoan Udalbiltzak Antzuolako energia foroa antolatu zuen, eta saio horietatik ateratako ondorioetako bat izan zen sare hori eraikitzeko beharrak identifikatzen hastea.

Adituen arabera, energia komunitate batean zailena aurrera egitea da. Horregatik, oztopo eta erronka potentzialei komunean erantzuteko helburuarekin eta elkarrengandik ikasi eta elkar indartzeko helburuarekin antolatu ditu Udalbiltza Partzuergoak Legorretako topaketak.

Gainera, Udalbiltzak norabidea eta barne antolaketa aldatu ditu berriki, eta lau oinarriren gainean eraiki da; herri jasangarriak sustatzea da horietako bat. Bide horretan pausuak emateko asmoz, energiaren inguruko lanketan aritu da, eta ekainean izango da ikasitakoa elkarbanatzeko lehen parada.

Beraz, ekainaren 15ean goiz osoan zehar izango da zer entzun eta zer esan Legorretan. Horrela, 09:00etan hasiko dira ekintzak Herri Aretoan, Legorretako alkatearen ongietorriarekin. Ondoren, Hitzar Energia Komunitateak hartuko du hitza, bere proiektua aurkezteko.