Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 4.592.125 euro bideratuko ditu aurten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea babesteko programara. Helburua da sareko erakundeek I+G+B arloko proiektuak gauzatu eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioak egiteko burutzen duten ahalegina babestea.

Irune Berasaluze Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, deialdia asteartean onartu zuen foru erakundeko diputatuen kontseiluak, eta lau lan lerro ditu: enpresako I+G unitateen proiektuak (milioi bat euro), Gipuzkoa Next laguntzak (392.125 euro), ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetako inbertsioa (milioi bat euro) eta I+G arloko proiektuak (2,2 milioi euro).

Deialdiko berrikuntza nagusia Gipuzkoa Next laguntzetan dago, aurten arreta jarriko baita hizkuntzaren teknologietan aplikatutako adimen artifizialaren teknologietan, giza eta gizarte zientzien arloan.

Deialdiari buruzko informazioa Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntzen atarian egongo da eskuragarri (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/dirulaguntzak), eta eskabideak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Iaz, programa honekin 69 ekintza babestu ziren: 39 I+Gko proiektuen lerroan, 17 ekipamenduetan inbertitzekoak, bost Gipuzkoa Next lerroan eta zortzi I+Gko unitateen baitan.

Berasaluzek azaldu du foru erakundearen asmoa dela "ekonomia lehiakor, berritzaile eta iraunkorra finkatzea, pertsona guztien ongizate integrala zaintzen duena eta etorkizuna duten proiektuak garatzeko aukerak sortzen dituena, proiektu osoak eta zentzua dutenak, bai pertsonalak bai kolektiboak".

"Ekonomia horren motorra ezagutza da, zientziatik eta ikerketatik datorren ezagutza. Programa honi esker, ezagutza sortzen, garatzen eta enpresen eta gizartearen zerbitzura jartzen diharduten Gipuzkoako zentroei babesa eman diegu luzaroan, gure lehiakortasuna, osasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten aurrerapenak erraztuz. Lurralde eta herri apustu bat da, eta gure bereizgarrietako bat", nabarmendu du.