Batzuetan bizilagunen komunitateetan giro txarra dagoela pentsatzeko joera dago. Auzo-batzarretan ez da akordiorik lortzen igogailuaren argia aldatzeko, baina bai munduko krisia konpontzeko eta, batzarra, telebista askok nahiko luketen eztabaida batean amaitzen da. Bostgarren pisukoen txakurrak zaunka egiten du egunez zein gauez. Baina, kasualitatea, animaliarekin topo egiten duzunean oso maitagarria iruditzen zaizu. Eraikinean denek dakite existitzen dela bizilagun ikusezin bat, baina inork ez du inoiz ikusi. Arropa esekilekuan uzten du askotan baina inoiz ez dio inori atea irekitzen. Bigarren pisukoen obra amaigabeek siesta izorratzen dutenez, mendeku txikiak sortzen dira zulagailu formatuan igande goizean edo unibertsitateko jaia moduan ostegun gauean. Inoiz gertatu zaizue? Bada, auzo-komunitate batzuek arazo horiei irtenbidea aurkitzen diete. Adibidez, ezkutuko talentuen aurkikuntzarekin. Izan ere, nire goiko bizilagunak ezagutzen ez nuen trebetasun bat erakutsi zidan lehengo egunean. Arrantzatzen dakiela, alegia. Deskuidu batean, jantzi bat erori zitzaigun lehen solairuko esekitokira eta berak ez zuen zalantzarik izan: amu bat eta hari bat jaitsi zituen eta jaka arrantzatu zuen legatza balitz bezala. Horrelako pertsonengatik merezi du bizilagunak izatea. Bai horixe!