Gordio Frigiako errege eta laborari ohi bat izan zen eta bere izena duen korapilo bat sortu zuen, gordiar korapiloa, alegia. Kondairaren arabera, hain korapilatsua zen inork ezin zuela askatu. Alexandro Handiak Frigia bereganatu zuenean, jakin zuen antzinako tradizio batek Ekialdearen konkista ematen ziola korapilo hura askatuko zuenari. Beste batzuk alferrik saiatu zutena Alexandrok keinu bakar batez lortu zuen, ezpataz korapiloa moztuz. Mende batzuk beranduago, badirudi, gure istorio korapilatsua ere askatzen ari dela, eta Oscar Puentek, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroak, Arkautiko korapiloa askatzea lortu duela. Orain, Abiadura Handiko Trenaren obrak noiz hasiko diren jakitea besterik ez da behar, teoriatik praktikara igaro baitira, diotenez. Ea, gure nagusiek beti esan ohi duten bezala, “nik hau ez dut ikusiko” ez zaigun gertatzen. Espero dezagun, elezaharren erreferentziarekin jarraituz, abiadura handia Ulises Troiako gerraren ondoren Itakara bezain berandu ez heltzea. Hura bai odisea. Hala ere, gurea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Kondaira hau gure txikiei bukaerarekin kontatu ahal izango diegu edo abiadura handiko trenari abiadura moteleko trena izena ipini beharko diogu? Nork daki.