Euskaltzaindiak eta UZEIk 2022ko hitza aukeratu dute: zorioneko. Arangurengo Irulegi mendiko aztarnategian aurkitutako brontzezko eskuan, orain arte baskoieraz ezagutzen den testu zahar eta zabalenean dago idatzita. Hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dute aurtengoa. Hitz horren ondorioz, zorionekoa ni naizela konturatu naiz. Nire gurasoak ez dakite euskaraz. Aita Extremadurakoa izanda barkatuta sentitu da beti, baina nire ama, garai konplikatu batean, oso krikitatua sentitu zen euskaraz ez jakiteagatik. Asko ulertzen du, baina ez daki hitz egiten. Hala ere, zorionekoa ni. Aita eta ama: nahiz eta zuek hizkuntza ez ikasi, inork ez du baloratu zuek egindako esfortzua. Burugogorrak izan zineten nirekin eta umetatik euskara ikasi behar nuela irakatsi zenidaten. Euskara erabiltzen eta sentitzen irakatsi didazue. Euskal kultura gozatzen eta maitatzen. Eta horrekin guztiarekin, niretzako garrantzitsuena dena lortu duzue: zuen bilobaren ama hizkuntza euskara izatea. Bai, bi generazio besterik ez dira igaro, baina familiako ama hizkuntza aldatzea lortu duzue. Batzuetan euskara ez dakien norbaitek ere asko egiten du gure hizkuntzagatik. Zorionekoa ni zuek egindako esfortzuagatik. Eskerrik asko, bihotzez!