Herrialde edo komunitateren batean gauzak ondo egiten direnean, hor erreparatu behar dugu. Hobetzeko eta gizarteari bizitza errazteko. Eskoziak gauzak nola egin behar diren erakutsi berri digu. Bertan, emakumeen higienerako produktuak doakoak izango dira. Planeta osoko emakumeok hilero izaten dugun oinarrizko premia da, eta horrekin lotutako produktuengatik neurriz kanpoko prezioak ordaintzen jarraitzen dugu. Gainera, gaur egun ere tabua den gai bat da. Bai, emakumeok hilekoa dugu! Batzuei min edo enbarazu egiten digu eta beste batzuei ez hainbeste. Batzuek fluxu handia dugu, eta beste batzuek gutxi. Eta bai, gogaikarria da. Baina are gogaikarriagoa da egun horietarako beharrezkoak diren produktuak ordaindu behar izatea. Gutxienez, normalizaziorako aurrerapausoak ikusten ditugu, hilekoak eragindako lan-bajaren aukerarekin. Hori dela eta, gaia, behintzat, mahai gainean dago. Baina oraindik lan asko dago egiteko, eta, horretarako hitz egitea beharrezkoa da. Eskozian ekimena gizarte-ehunean sortu zen eta, aspaldidanik, ostalaritzako hainbat negoziok, hala nola pub eta jatetxeek, produktuak doan eskaini dituzte, elkartasun-keinu bezala, ez baitzen derrigorrezkoa. Horregatik da hain garrantzitsua gauzak ondo egiten dituztenen eredua jarraitzea.