Síguenos en redes sociales:

Idazmahaia

Meteobsesioa

Meteobsesioa

aragozako lagun bati, Gasteiz bisitatu zuen lehen aldian, hiriko kaleetatik banatutako termometro kopuruak atentzioa eman zion. Gasteiztarrok normaltzat jotzen dugun zerbait, badirudi hemendik kanpo ez dela hainbeste. Geroztik arreta jartzen hasi nintzen. Ia ez dago tenperaturaren neurketarik gabeko kalerik. Are gehiago, eguraldiaren kontu honekin obsesionatuta bizi garela esango nuke eta asko ez garela etxetik ateratzen merkurioak ekarriko diguna aldez aurretik jakin gabe. Izan ere, arratsaldeko lauretan hogeita zazpi gradurekin etxetik irtetea eta lau ordu geroago itzultzea hamazazpirekin nahi baino ohikoagoa da. Hainbeste buruhauste direla eta, meteorologia da gure mintzagairik gogokoenetako bat. Uda honetan horrela izan da. Azken aste bero hauetan izan ezik, kexa asko entzun ditut hilabete hauetako klimari buruz (eguzkiaren ordu gutxi, hotza, euria...), horietako asko justifikatuta, ez dut ezetz esango. Eta badakit uda gogorra izan daitekeela eguraldi kaskarrarekin, baina, orduan burura datozkit toki horiek non termometroa inoiz ez den 35 gradutik jaisten edo leku haiek non egun lainotsuak eskuekin zenbatu ahal diren ... Eta aukera ematen badidate, argi daukat: gure eguraldi txarraren bila datozen turista askok bezala, neuk ere nahiago dut hainbeste jokoa ematen duen uda gasteiztar hau.