986ko uztailak 9an jaio nintzen. Bai, gaur 35 urte bete ditut. Nire alabak esaten duen bezala: pila pila! Ingurukoak zoriontzen ez banauzue, lasai! Ni ere nahiko txarra naiz hortan! Eskerrak Facebook-ek urtebetetze egunak noiz diren esaten digun; bestela, nik ez nuke inor zorionduko. Testu txiki hontan, normalean, amatasunaren inguruan idazten dut eta horregatik, gaur, nire ama datorkit burura. Nahiz eta gaurko zorion mezu guztiak niretzat izan, nik zu zoriontzeko tartetxo bat hartu nahi dut, ama. Zorionak ama, eta eskerrik asko! Orain arte ez nekien zer zen norbait heztea norberaren bizitza alde batera utzita. Ez nekien zenbat malko uzten diren bidean, ezta zenbat disfrutatzen den ere. Bi urtez sentimendu nahasketa hauek bizi ostean, zu gehiago ulertzea eta zugandik hurbilago sentitzea lortu dut. Gehiago oraindik. Beraz, gaurkoan, benetan eskerrik asko esan nahi dizut: eskerrik asko bizitzan eredu izan zarelako, zure maitasunagatik, hain ulergarria izateagatik, balio onenak irakatsi dizkidazulako, beti hor egon zarelako eta zure pazientzia amaiezina izan delako. Eta oraindik lerro batzuk geratzen zaizkidanez, amona, zuri ere, musu erraldoi bat bidali nahi dizut, nonahi zaudela ere. Nire urtebetetzean, bereziki zutaz gogoratzen naiz eta.
- Multimedia
- Servicios
- Participación