onekin euskaraz idatzi ditudan zazpi idazmahai izango dira. Esan daiteke izotzaldia urtu dudala; are gehiago, gero eta erosoago sentitzen naiz idazterakoan. Ez da gauza bera gertatzen nire betiko erronkarekin: euskaltegitik edo mintzalagun taldetik kanpo euskara erabili. Non, adibidez? Etxean. Lehen begiratuan erraza dirudi. Konfiantza dago eta ez dago beste esparruetan hanka sartzeko bezainbeste beldur. Nire kasuan, gainera, baldintzak ezin hobeak dira: senarra eta alaba nagusia euskaldunak dira eta egunero erabiltzen dute eskolan. Alaba txikiak ikasiko du eta ziur nago laster zuzenduko nauela (handiak egiten duen bezala). Haiek prest daude hitz egiteko nahi dudanean. Askotan animatu egiten naute. Eta batzuetan saiatzen gara. Baina ez da hain samurra. Esango nuke komunikazio ohitura aldatzeko gehien kostatzen duen espazioa dela. Agian arlo emozionala oso agerikoa delako, maitasuna, haserrea edo tristura adierazteko segurtasuna behar baitugu eta hori normalean ama hizkuntzak ematen digu. Izan ere, egunerokotasunarekin lotutako gaietan euskaraz egin dezaket arazorik gabe, baina kontua serioago jartzen bada... berehala gaztelerara jotzen dut. Eta orduan zortziko urteko alaba agertzen da, ilusioz beteta, klasean egin duena kontatzen, euskaraz, nire ilusioa ere berpiztuz.