Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika eta Dantza Eskola kalera aterako da ekainean 'Musika Hirira' programarekin ikasturte amaiera ospatzeko, eta ikasleek ikasturtean zehar egindako lana partekatuko dute herritarrekin. Jarduerak larunbatean hasiko dira, ekainaren 6an, eta hilaren 25era arte iraungo dute.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkezpenean nabarmendu du programazioak agerian uzten duela musika eta dantza eskolak "kultur zabalkundearekin eta prestakuntza artistikoarekin duen konpromisoa".
"Hilabete osoan kontzertuak, entzunaldiak eta dantza eta musika emanaldiak izango ditugu hiriko hainbat espaziotan, Luis Aramburu Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik. Programazio askotarikoa eta oso interesgarria da, eskolaren jarduera Gasteizko auzoetara eta kultur bizitzara hurbiltzea helburu duena", azaldu du.
Egitarauak 15 jarduera eskainiko ditu, eta Udal Txistulari Bandaren kalejirarekin hasiko da larunbatean, 12:00etan, Plaza Berrian. Ondoren, ekainaren 9an, Folkloreren Ikasturte Amaierako Kontzertua izango da 19:00etan Jesus Guridi Kontserbatorioan.
Ondoren, 'Musika Hirira' programak eskaitza zabala izango du: Jueverasic Band, haizezko tresnen banden eta banda mistoen kontzertua, abesbatzen emanaldia, talde misto eta bakarlarien emanaldia, piano kontzertua, ganbera musika, Combos, Guagongüil eta Big Band Berri.
Eskolako eskaintzari ekaineko 'Dantza Plazan' egitaraua gehitu behar zaio: hilaren 5ean Santa Barbaran, 12an Floridako kioskoan eta 19an Plaza Berrian. Dantza tradizionala espazio publikora hurbiltzeko hitzordu ezaguna da. Era berean, eskola egoitza gisa duten jarduerak ere mantenduko dira, eta hainbat instrumenturen eta kantuko 11 emanaldi eskainiko dituzte bertan.