Gasteizko Udalak epearen baitan amaitu ditu Zabalgana hiribidetik Borinbizkarreko Jeronimo Roure kaleraino sarbide zuzen bat egokitzeko lanak eta pasabide berria irekita dago jada. Proiektuak 45.000 euroko inbertsioa eskatu du eta hiru astean burutu da.
Esku hartzea 'Vitoria-Gasteiz Hobetuz 2023-2024' herritarren parte hartze programaren barruan dago eta auzotarren eskaerari erantzun dio. Horri esker, hiriaren hego-mendebaldeko bizitegi eremu horretara sartzeko ohiko joan-etorriak bi kilometro baino gehiago murriztu ahal izango dira.
Horrela, Zabalgana hiribideko erdibitzailea eraldatu da, hegoalderantz biratu ahal izateko, eta zuzeneko lotura horrek Jeronimo Roure eta Ignacio Ruiz de Luzuriaga kaleetarako sarbidea erraztuko du. Gainera, Ozeano Barea kaleko biribilgunean zirkulazioa berrantolatu eta iparralderantz irteteko errei berri bat egokitu da.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak "oso positibotzat" jo du sarbide berria irekitzea: "Hobekuntza oso zehatza da, eta auzoko eguneroko mugikortasuna aldatuko du. Autoa erabiltzen dutenei mesede egingo dien hobekuntza da, esku hartze horri esker denbora pixka bat irabaziko baitute".
Era berean, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernandez de Landak balioa eman dio obra egikaritzea ekarri prozesu parte hartzaileari. "Esku hartzea herritarren parte hartzeak auzoak eraldatzeko duen gaitasunaren adibide garbia da. 'Hobetuz' programaren bidez bizilagunek egindako zuzeneko ekarpenei esker, gaur pertsona askoren eguneroko bizitza erraztuko duen sarbidea ireki dugu", esan du.