Gasteizko Udalak zozketa egin du Andre Maria Zuriaren jaien hasierako Zeledonen jaitsiera San Migeleko balkoitik ikusteko 50 gonbidapen bikoitzak esleitzeko.

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, sarituek uztailaren 28tik 30era jaso ahalko dituzte sartzeko eskumuturrekoak Plaza Berriko Turismo Bulegoan, ohiko ordutegian, eta NANa edo AIZa aurkeztu beharko dute nortasuna egiaztatzeko.

Gonbidapena jasotzeko epea bukatu ondoren jaso gabeko eskumuturrekorik geratuko balitz, zozketan ordezko gisa atera diren hamar pertsonei deituko litzaieke, ordenan.

Interesdunek udal web orrian edo 010 nahiz 945 161 100 telefono zenbakietara deituta kontsulta dezakete hautatu dituzten ala ez. Sarrerak besterenezinak dira eta zozketan izena eman duenarentzat eta lagun batentzat izango dira.

Zozketa San Martineko bulegoetan egin da, zenbakiak ausaz aukeratzea ahalbidetzen duen tresna informatiko batekin. Guztira, zozketan parte hartzeko 4.665 eskaera egin dira, baina, oinarrietan ezarritako baldintzak egiaztatu ondoren -pertsona bakoitzeko eskabide bakarra aurkeztea, adin nagusikoa izatea eta Herritarren Udal Txartela edukitzea-, azkenean 3.305 eskaera zan dira eta pertsona horiek sartu dira zozketan.

Eskatzaileen batez besteko adina 43 urte izan da. Izena eman duen pertsonarik zaharrenak 86 urte ditu eta, guztira, 70 urtetik gorako 77 eskatzaile izan dira. 128 eskatzaile, aldiz, 18 eta 20 urte bitartekoak izan dira.

Nahiz eta oinarrietan zehazten den eskaera bakarra onartzen dela pertsona bakoitzeko, oraindik ere badago inskripzio bat baino gehiago egiten duenik, sistemak errepikatutakoak garbitzen dituen eta lehenengo eskaera bakarrik uzten duen arren. Horrela, bitxikeria gisa, pertsona batek 440 aldiz egin du inskripzioa.