Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Chantal Akermanen bidez pentsatzea: genealogia bat abian programa publikoa antolatu du uztailaren 14, 15 eta 16rako, zinemagile feminista belgikarraren lana oinarritzat hartuta, eta museoan urrira bitartean ikusgai egongo den 'Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea' erakusketari loturik.

Programan aztertuko da Akermanek bere zinema lanetan adierazitako kezka estetikoek eta gaiek haren filmetatik haratago zer inplikazio dituzten eta zergatik diren abiapuntu geografia eremu desberdinetako zenbait zinemagile belaunaldirentzat, museoko iturriek jakinarazi dutenez.

Claire Atherton Artium Museoko erakusketaren komisario eta Akermanen ohiko lankideak eta Erika Balsom ikertzaile eta Londresko King's College-ko zinema ikasketetako irakasleak parte hartuko dute mintegian. Doakoa izango da, lekua bete arte.

Chantal Akermanen bidez pentsatzea: genealogia bat abian programak Akermanen lan metodoak ezagutzeko bide eman nahi duela adierazi dute antolatzaileek, bai eta "erakutsi nola lan egin duten beste zinemagile feminista batzuek haren ohiko gaien gainean beste hizkuntza eta geografia batzuetatik, zinemari buruz duen ideia baliagarri nola gerta dakiguken pentsatzeko eta historia hurbilari galderak egiteko".

"Hitzaldietan eta materialen proiekzioetan oinarriturik, konstelazio bat proposatzen da, lausoa batzuetan, argiagoa bestetan, zenbait zinemagile belaunaldiren obren inguruan. Ibilian sortutako genealogia bat da, zinematografia feministak haien mugetatik kanpo pentsatzeko gonbita egiten duen ibilbide bat", azaldu dute.