Batuz Aldatu adostasun sozialeko dinamikaren 113 sinatzaile elkartu dira ostiral honetan Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, hizkuntza politiken arloko 'Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza' dokumentua aurkezteko, "euskararen pizkunde berria" eragin nahian.
Hain zuzen ere, agerraldian azaldu dutenez, proposamenaren helburua da "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan den honetan, egoera horri aurre egiteko eta euskararen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den jauziaren nondik norakoa proposatzea, beti ere adostasun soziala oinarri dela".
"Itun soziopolitiko berriak euskarari etorkizuna bermatzeko hizkuntza politikaren giltzak proposatzen ditu. Oso laburbilduta, ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzemuga bat ezartzea, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea dira oinarriak. Paradigma aldaketa bat, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona", adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta proiektuaren sustatzaileak.
Gaineratu duenez, "bide horretatik euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko bidea sortzeaz gain, hizkuntza eskubideak erabat gauzatzea lortuko litzateke, eta, ondorioz, justizia soziala, gizarte kohesioa, bizikidetza eta askatasuna indartzea".
Urtebeteko elkarrizketa prozesuan murgilduta egon da hamaika eragilek osatutako Talde Eragilea adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatzeko proposamena garatzen. AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Euskalgintzaren Kontseilua, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa izan dira Talde Eragilearen parte, eta Aitziber Blanco bizikidetzan adituak dinamizatu du prozesua.
Talde Eragilearen proposamena "borondate irmo batek" gidatu du: "etorkizunean euskal gizarte hobe bat lortzea, non herritar denek euskara ezagutuko duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten".
PARADIGMA BERRIA
Horretarako, hizkuntza politiken paradigma berriak jarraitu beharreko lau ardatz nagusi azpimarratzen ditu: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, erabilera normalerako baldintzak bermatzea, ofizialtasun estatus berdinzalea lortzea eta komunitate euskaldunaren ahalduntzea.
Horrekin batera, printzipio sendoak ezarri dira: lidergo partekatua, hizkuntza politikaren zeharkakotasuna, progresibotasuna, hizkuntza aniztasunaren balioespena, adostasun sozial eta politiko zabalaren beharra eta herritarren eskubide osoen garapen integrala, edozein dela ere herritarraren zonaldearen egoera soziolinguistikoa.
Proposamenak bost eremu nagusitan banatu ditu euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan gizarteko sektore desberdinek dituzten erantzukizunak. Erantzukizunen lehen geruzan erakundeak eta eragile politikoak ezartzen dira proposamenean; hain zuzen ere, itun proposamenak instituzioen ardura azpimarratzen du, hasi udaletatik eta Euskal Herria banatzen duten eremu administratibo bakoitzeko gobernuetaraino.
Horrela, ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politika "publiko ausart eta anbiziotsuak" proposatzen dira, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kultura-politiketan eta harrera-politiketan jarriz ardatz nagusiak. Halaber, politika publikoen bidez erabilera bermatzeko guneen sorrera, garapena eta hedapena gauzatzea proposatzen da, hiztun komunitate ahaldundu bat elikatzeko bideak jartzearekin batera.
Estatusaren auziari aipamen berezia egiten zaio, itunean jasotzen denez, "euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasun estatusa lortzea egin beharreko urratsa baita etorkizuna bermatuko duten politika publikoak sistematikoki eta iraunkorki egiteko".
EKONOMIA ETA GIZARTEA
Bigarren erantzukizun geruza batean, eremu ekonomikoa jasotzen da, eta horretan "enpresek eta sindikatuek protagonismo berezia dute". Enpresei eskatzen zaie euskara balio estrategiko gisa txertatzea eta euskara planak garatzea, eta sindikatuei, berriz, hizkuntza eskubideak langileen eskubideen parte gisa aitortu eta lan hitzarmenetan jasotzea. Sektore prekario eta feminizatuetan diharduten langileei arreta berezia jartzea eskatzen zaie.
Gizarte eragileei dagokienez, dokumentuak gogorarazten du beren erabaki eta balioek eragin zuzena dutela euskararen normalizazioan, justizia eta kohesio sozialaren ardatz bihurtzeko deia egiten die. "Elkarte eta eragile sozialen ardura da hizkuntza berpizkundea beren konpromisoen artean kokatzea, eta euskalgintzak aitzindaritza lana mantendu behar du, baina gainerako eragile sozialekin lankidetzan", dio proposamenak.
Eremu akademiko eta kulturalari, berriz, euskarazko ezagutza eta sorkuntza propioa bermatzea eskatzen zaie. Unibertsitateei goi mailako ikasketen euskarazko eskaintza bermatzea eta ikerketa euskaraz egiteko ibilbideak eraiki ditzatela, eta kultur eragileei euskarazko kultur sorkuntza ardatzean jartzeko gonbita egiten die.
"Euskarazko kulturgileei, egundaino bezala, haizearen kontra aritzea den arren, euskarari unibertso bat emateko konpromisoari eustea dagokie", gaineratu du.
Azkenik, proposamenaren arabera, "herritarren konpromiso aktiboa da euskararen etorkizunaren berme nagusia": "Euskararen normalizazioa erantzukizun zibikotzat aurkezten da, gizarte justuago eta kohesionatuago baten aldeko ekarpen gisa, eta euskaltzaletasun aktiboa ezinbesteko indar eragile gisa aldarrikatzen da".