Gasteiz Helmuga Turistiko Adimenduna bihurtu da, bost urteko ebaluazioaren ondoren, Espainiako Gobernuko Turismo Idazkaritzak bultzatutako Segittur Estatuko merkataritza sozietatearen metodologiak eskatzen dituen baldintzak %80tik gora gaindituta.
Gasteizko Udaleko Ekonomiaren Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saila buru izan duen bost urteko lana izan da, eta bost jarduera ardatzetan egindako ikuskaritza egin dira hirian: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazi duenez, izendapena "aurrekaririk gabeko aintzatespen nazionala da, eta hiriak berrikuntzatik harago doan abangoardiako turismo ereduaren garapenarekin duen konpromisoa islatzen du, helmugako jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren alde ere egiten duelako. Estrategia horrekin, turistaren esperientzia hobetzen dugu, baina baita egoiliarraren bizi kalitatea ere".
Gasteizek 2020an lortu zuen Espainiako Estatuko Helmuga Turistiko Adimendunen sareko kide izatea, Segittur sozietateak metodologiak dakartzan 400dik gora baldintzak ebaluatu ondoren.
JARDUERAK
Sarean sartzean, hiria bere jarduera monitorizatzen hasi zen adierazleen bidez, eta epe ertainera Espainiako Gobernuak eskatutako baldintzen %80 baino gehiago gainditzeko gai diren udalerrientzat erreserbatutako Helmuga Turistiko Adimendun izendatzeko erronka ezarri zion bere buruari.
Etxebarriak aztertutako ardatz bakoitzaren betetze mailak aletu ditu: gobernantzak %95,9 lortu du, berrikuntzak %83,2, teknologiak %84,1, jasangarritasunak %85,5 eta irisgarritasunak %91,4. Emaitza "bikainak" dira, alkatearen arabera
Bada, ostiral honetan jakinarazi denez, baldintzen batez besteko betetze maila %87,3ra iritsi da Gasteizen, eta, beraz, Helmuga Turistiko Adimenduna bereizgarria lortzen duen Estatu espainiarreko zortzigarren hiria da.
Etxebarriak aztertutako ardatz bakoitzaren betetze mailak aletu ditu: gobernantzak %95,9 lortu du, berrikuntzak %83,2, teknologiak %84,1, jasangarritasunak %85,5 eta irisgarritasunak %91,4. Emaitza "bikainak" dira, alkatearen arabera.
Azkenik, "atzera bueltarik ez duen estrategia honetan" lanean jarraituko dutela ziurtatu du: "Eraldaketa digitala erronka bat da, baina aukera sorta ere irekitzen du. Beraz, berritzen jarraituko dugu Gasteizek helmuga turistiko gisa duen erakargarritasuna sustatzeko, hiriaren marka indartzen duelako eta gure ekonomiari mesede egiten diolako".